AEBek Ormuz itsasarte ingurua bonbardatu dute, eta Iranek base militar estatubatuarrak

  • Asteazkenean Trumpek su etena amaitutzat eman zuenetik, erasoek ez dute etenik izan. Asteburuan AEBek Ormuzko itsasarte inguruko herri eta hiriak bonbardatu ditu, eta astelehen goizaldean, Teheranek AEBetako base militarren aurkako erasoak aldarrikatu ditu. Trumpek esan du itsasartea irekita dagoela; Iranek, aldiz, ezetz. 

Iranek base militar estatubatuarrak bonbardatu ditu, AEBen erasoen aurrean. EFE

2026ko uztailaren 13an - 11:08
Azken eguneraketa: 13:24
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Begia begi truk, dio esaera zaharrak. Iranek Bahrain, Kuwait, Oman eta Jordanian dauden AEBen base militarren aurkako erasoak aldarrikatu ditu astelehen goizaldean, Washingtonek Pertsiar Golkoko ehunka herri eta hiri bonbardatu ostean. Jarraian, erasoak entzun dira Irango Bandar Abbas hirian eta Qexm uhartean. Azken egunetako erasoek bi herrialdeen arteko su etena bukatutzat eman dute eta areagotu egin dute Ormuzko itsasarteko tentsioa; Trumpek berriki esan du irekita dagoela merkataritza ontzientzat, nahiz eta Iranek aurretik iragarri itsasartea itxi duela.

Arabiar Emirerri Batuek, Qatarrek, Kuwaitek, Omanek eta Bahrainek eman dute misilen eta tripulaziorik gabeko hegazkinen erasoen berri. Qatarreko Barne Ministerioak esan du hiru pertsona zauritu direla, horien artean bat haurra, eta Bahraingo armadak hainbat "aire eraso traidore" salatu ditu. 

Iranen erasoak AEBek egindako erasoen ondotik etorri dira. Igandean, AEBetako armadak jakinarazi du arratsaldeko bostak aldera Irani eraso egin diola, "herrialdearen erasorako gaitasuna ahultzeko" asmoz. "AEBetako Komando Zentraleko indarrek Iranen aurkako eraso gehiago egin dituzte, Ormuzko itsasartetik igarotzen diren marinel zibilen eta merkataritza ontzien aurka erasotzeko duen gaitasuna ahultzeko", zehaztu dute. AEBen esanetan, larunbat gauerako AEBek guztira 140 "helburu militar" bonbardatu zituen. 

AEBek Ormuzko itsasartetik gertu dauden eremuak bonbardatu dituzte, tartean Sirik, Jask, Bandar Abbaseko mendebaldea eta Hormozgan probintzia. Astelehen goizaldean beste erasoaldi bat egin dute, besteak beste, Mahxahr probintziaren eta Nain hiriko base militar baten aurka. Iranek jakinarazi du gutxienez bi pertsona hil direla AEBen erasoetan, eta beste hamaika zauritu. 

Ondorio ekonomikoak 

Astebete egingo du AEBen eta Iranen arteko erasoak hasi zirenetik. Asteazkenean Donald Trumpek "amaitutzat" eman zuen Iranekin adostutako su etena eta herrialdeko "helburu militarrak" bonbardatu zituen, argudiatuta Iranek Ormuzen zeuden hiru merkataritza ontzi bonbardatu zituela eta menia urratu zuela. Orduan, Teheranek base estatubatuarrei eraso egin eta Ormuzko itsasartea itxi zuen.

Al Jazeera komunikabidearen arabera, itsasartea gakoa da honetan guztian. Ekaineko memorandumean adostu zuten iranek izango zuela horren gaineko kontrola, baina orain jakiteke dago zer gertatutako den. "Iranek ez du Ormuzko itsasartea kontrolatzen, nazioarteko pasabidea izaten jarraitzen du eta AEBetako armada prest dago horrela izaten jarraitzeko", esan du AEBetako Komando Zentralak. 

Irango Guardia Iraultzaileak adierazi du Ormuzko itsasartea irekiko duela AEBek erasoak bukatzen dituztenean, eta bestela ondorioak egongo direla petrolioaren eta gasaren sektoreetan. Hain justu, erasoak hasi zirenetik petrolioaren prezioa %4 garestitu da. 


Iran kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...