AEBek Raul Castro inputatuta, tentsioa gora

  • AEBek hilketagatik inputatu dute Raul Castro Kubako presidente ohia, 1996an erbesteratuak zeramatzaten bi hegazkin arin botatzeko operazioaren erantzulea izatea leporatuta. Lau pertsona hil ziren, pilotuak barne, eta Castroz gain –garai hartan Defentsa ministroa zen–, gertatutakoagatik beste dozena erdi militar kubatar akusatu ditu Fiskaltzak. AEBen eta Kubaren arteko tentsioak gora egi du azken orduetan.


2026ko maiatzaren 21ean - 09:21
Azken eguneraketa: 2026-05-22 09:39
Kubako presidente ohi Raul Castro. Kubako Presidentzia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

1996ko otsailaren 24an egindako operazioan Hermanos al Rescate taldearen bi hegazkin txiki erorarazi zituzten Kubako ehiza-hegazkinek. Talde horrek Kubatik itsasoz ihes egin nahi zutenak erreskatatzea zuen helburu, eta baimenik gabe sartzen ziren Kubaren aire eremuan.

Donald Trump AEBetako presidentea Kubaren gaineko presioa areagotzen ari denean inputatu dute Castro, eta esku hartze militarraren mehatxua hauspotu du horrek, Venezuelako presidente Nicolas Madurorekin gertatutakoa gogoan. "Estatu Batuek ez dute onartuko estatu alproja batek gure aberritik soilik 90 miliatara etsaitasunezko operazio oldarkorrak egitea", adierazi du Trumpek. Eta AEBetako Estatu idazkari Marco Rubiok Kubako herriari proposatu dio agintari kubatarren tutoretzarik gabeko "harreman berri bat", abiatzeko. Agintariok milioika dolar arpilatu dituztela dio Rubiok, "zuek sufritzen ari zareten bitartean". Argindarrik, erregairik edota elikagairik ez izatearen arrazoia omen da dirua arpilatu baina herritarren mesederako erabili ez izana.

"Salaketa zitala"

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentearen hitzetan, Castroren aurkako salaketarekin balizko eraso militar bat "justifikatu" nahi dute AEBek. Gaineratu du agerian geratu dela "inperioaren ordezkarien harrokeria eta frustrazioa, ikusita Kubako Iraultzaren irmotasun hautsezina eta haren buruzagitzaren batasuna eta indar morala". Bruno Rodriguez Kubako Atzerri ministroak, "interes ustelen bozeramailea" izatea egotzi dio Marcos Rubiori

Kubako Gobernuak oharra plazaratu du. "Gobernu Iraultzaileak gogor gaitzesten du AEBetako Justizia Departamentuak Raul Castro Ruz Armadako Jeneralaren aurka egindako salaketa zitala". Adierazi du AEBetako Gobernuak ez duela ez legitimitaterik ez jurisdikziorik ekintza hori gauzatzeko: "Probokazio politikoko ekintza arbuiagarria eta zitala da, eta 1996ko otsailean Kubako aire-espazioan Miamiko Hermanos al Rescate erakunde terroristarenak ziren bi hegazkin eraistera eraman zuen gertakariaren manipulazioan oinarritzen da. Kubako aire-espazioa behin eta berriz urratzen zen, etsaitasunezko helburuekin".

Testuinguru horretan, AEBetako Gobernuak jakinarazi du Nimitz hegazkin-ontzia Karibeko uretan zabaldu duela.


Irakurri gehiago: Kuba Nazioartea Amerika AEB
Kuba kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Enegarrenez

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...