AEBetako presidente Donald Trumpek Iranen energia azpiegituren aurkako eraso militarrak “bost egunez atzeratzeko” agindu du, Teheranekin “elkarrizketa produktiboak” izaten ari dela esanez. Iranek ez du ofizialki adierazpenik egin, baina herrialde horretako Mehr albiste agentziak ukatu egin du gobernuaren eta Washingtonen artean elkarrizketarik badenik ere, Al Jazeerak jaso duenez.
Erasoak eta mehatxuak batetik bestera, Ekialde Hurbilean sufritzen ari diren gerrak gora egin du asteburuan. Trumpek ultimatuma bidali zion Irani igande goizean: 48 orduko epean Ormuzko itsasartea zabaltzen ez bazuten zonaldeko zentral elektrikoei egingo die eraso, “handienetik hasita”. Iran ez da kikildu, eta bueltan mehatxua bidali zien AEBei. Eraso horiek eginez gero, AEBek eta Israelek eskualdean dituzten azpiegitura energetikoei, gatzgabetze plantei eta informazio zentroei erasotzeko prest dagoela adierazi zuen. Are, Irango Indar Armatuek ohartarazi dute jarrera aldatu eta doktrina defentsibotik erasora igaro direla, “etsaia" erabat "amore ematea” lortu arte.
Trumpen mehatxuaren aurrean, Mohammad Baxer Ghalibaf Irango Parlamentuko presidenteak argi hitz egin du asteburuan: “eraso horiek gertatuz gero, Ekialde Hurbileko energia azpiegiturak helburu zilegi bihurtuko lirateke”. Horrek, petrolioaren prezioa are gehiago igotzea eragingo luke, AEBen kezka nagusienetakoa. Irango armada ere mintzatu da: “Dena prest dugu nahi izanez gero AEBek eskualdean dituzten interes ekonomiko guztiak suntsitzeko”.
Ormuzko itsasarteari dagokionez, Nazioarteko Itsas Erakundean Iranek adierazi du itsasartea “zabalik” dagoela, “etsaiarekin lotutako itsasontzientzat” izan ezik. Halaber, jakinarazi du prest dagoela bertatik igarotzen diren itsasontzien segurtasuna bermatzeko, beti ere Teheranekin koordinatzen badira.
Azpiegitura nuklearrei erasoak, batetik bestera
Mehatxuak mehatxu, erasoak izaten ari dira, eta hildakoak, zaurituak eta desplazatuak ere bai. Iranek salatu zuen Israelek eta AEBek Natanzko instalazio nuklearrari eraso egin diotela. Erantzuna: Iranek bost misil sorta bidali ditu Dimonako (Israel) zentral nuklearrera, eta gehiago Israel hegoaldeko beste toki batzuetara. Dimonan Israelgo instalazio nuklear nagusiak kokatzen dira, herrialdearen programa nuklearra garatzeko berebizikoak direnak. Erasoen ostean, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak ziurtatu du ez duela ezohiko erradiazio mailarik neurtu inguruan. Israelgo Osasun Ministerioaren azken balantzearen arabera, orotara gutxienez hildako bat eta 303 zauritu utzi dituzte bonbardaketek.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi du ez duela Iranen eta Libanoren aurkako gerra amaitzeko inongo asmorik, eta zalantzarik egin gabe jarraituko dutela “aurkariei aurre egiten fronte guztietan”.
Libanon “Gazako eredua” jarraitu nahi du Israelek
Israel Katz Israelgo defentsa ministroak Libano hegoaldeko herriak suntsitzeko agindu du, Israelen mugatik gertu daudenak, alegia. Are, sarraski hori “Gazako eredua jarraituz” gauzatzea agindu du. Argudiatu duenez, “israeldarren komunitateentzat arriskuak murrizteko” mugimendua da. Bere aldetik, Joseph Aoun Libanoko presidenteak salatu du azken eraso horiek “lurreko inbasio baten aurreko pausoa” direla.
Iragan astean, agindu horiek baino lehenago, NBEk dagoeneko jakinarazi zuen gerrak Libanoko bost biztanletik bat baino gehiago desplazatu dituela.
Palestinaren kontrako sarraskiak ez du etenik
Irango gerran eta Libanoko inbasioan foku mediatikoa jarrita, Israelek aurrera jarraitzen du herri palestinarraren kontrako sarraskian. Israelgo armadak zein kolonoek Zisjordanian eta Gazan eraso bortitzak egiten jarraitu dute bitarte honetan. Besteak beste, tiroketak eta etxebizitzen, ibilgailuen eta denden erreketak egin dituzte kolonoek. Otsailaren 28az geroztik, gutxienez hamabost pertsona hil eta 40 lagun zauritu dituzte. Kolonoak geroz eta armatuago daude Israelek armak lortzeko baldintzak malgutu dituelako, eta, hala, Zisjordanian palestinarren desplazamendua behartzen ari dira. Horri gehitu behar zaio Gazako egoera humanitarioaren larritasuna, Rafah-ko bidegurutzea ia erabat itxita baitago.