AEBek Irango ontzi bat atzeman dute eta bake elkarrizketak kolokan geratu dira

  • "Pirateria ekintza" salatu du Iranek, eta iragarri ez duela ordezkaririk bidaliko Islamabadera. Astelehenean berrartzekoak ziren elkarrizketak Pakistango hiriburuan.


2026ko apirilaren 20an - 13:11
Azken eguneraketa: 17:05
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteleheneko lehen orduetan, AEBetako Komando Zentralak (CENTCOM) eta Donald Trump presidenteak adierazi dute Irango Touska ontzi komertziala atzeman dutela Ormuzko itsasartetik gertu. Argudiatu dute ontzia AEBen itsas blokeoa saihesten saiatzen ari zela, Arabiar Itsasotik igarotzen saiatzen ari baitzen Ormuzeko itsasartean zehar, Irango Bandar Abbas portua helburu. Gaineratu dute AEBren aginduak betetzeari uko egin ostean atzeman dutela ontzia. Sare sozialetan zabaldu dute ontzia atzeman duten momentuaren bideoa. Bertan ikus daitezke AEBetako tropak helikopteroetan hegan, eta gero soldaduak Touskara jaisten, sokak erabiliz. Touska da AEBek gerran jo duten lehen ontzi irandar ez-militarra.

Erasoaren ondorioz, kolokan daude bi aldeek Islamabaden astelehen eta asteartean egin behar zituzten bilerak, bake akordioa negoziatzeko. Izan ere, erasoa  gertatu eta ordu batzuetara, Irango Kanpo Harremanetarako Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baghaeik kazetariei esan die Iranek ez duela aurreikusten negoziatzaileak bidaltzea Islamabadera. Ministerio bereko iturriek adierazi dutenez, “AEBek ez dute diplomazia modu serioan hartzen".

Gainera, erasoari erantzungo diola ohartarazi du Iranek: "Irango Errepublika Islamikoaren indar armatuek laster erantzungo dute eta errepresaliak hartuko dituzte AEBetako armadak egindako pirateria ekintza honen aurka", esan du Khatam al-Anbiya Irango komando militar bateko bozeramaileak. AEBek, beren aldetik, esan dute Steve Witkoff eta Jared Kushner negoziatzaileak Islamabadera joango direla. 

Apirilaren 13az geroztik, Irani erantzuna emateko, AEBetako armadak itsas blokeoa ezarri du Ormuzeko itsasartean. Izan ere, Iranek ontzi gehienen igarotzea blokeatzea agindu zuen. Bitartean mundu osoko erregaien prezioak gora egin du. Berria-k jaso duenez, azken orduetan, Brent petrolio upela %5 garestitu da, eta 95 dolarreraino iritsi da. AEBek eta Israelek Iran bonbardatu ostean piztu zen gatazkan gutxienez 3.375 pertsona hil dira.

 


Ekialde Hurbila kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Berriketa gutxi
Thank you

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.