Europako “hedabide independenteen” partzuergo bat eratu nahi du AEBetako Estatu Departamentuak, beti ere Europako politika publikoekin kritiko agertuko dena, indar berezia jarrita immigrazioa, “zibilizazio baloreak” eta “estatuen burujabetza”.
Estatu Departamentuko Demokrazia, Giza Eskubideak eta Lanaren Bulegoak bideratu du deialdia The Redoubt hedabideak argitaratu duenez. Bertan zehazten denez, Europan hedabideen partzuergo hori antolatzen lagunduko dion erakunde edo enpresaren bila ari dira. Irailaren 1ean bukatzen da deialdian parte hartzeko epea.
Bulegoaren esanetan, ongi informatutako herritarrak funtsezkoak dira demokraziaren osasunarentzat eta, alde horretatik, “kazetaritza independentea” oso garrantzitsua da “gobernuaren jarduerari buruzko informazio objektiboa eta kalitatezkoa emateko”. Ikusita “Europako gobernuek nola zentsuratzen dituzten haien aldekoak ez diren hedabideak, bulegoak beharrezkoa ikusten du Europar Batasunean eta Europako beste herrialde batzuetan “kazetari eta hedabide independenteen partzuergoa” eratzea.
Estatu Departamentuak, halaber, diru-laguntza horiek jaso nahi dituztenek zertaz idatzi beharko luketen iradokitzen du, besteak beste, honako gaiak aipatuta: “migrazio masiboek segurtasunean eta zuzenbide estatuan duten eraginean” edota “estatuek nola bultzatzen dituzten immigrazio molde horiek”.
Donald Trumpek sarritan jo du Europar Batasuneko printzipioen eta estatuburuen aurka publikoki, baita haiek aurrean dituela ere. Alde horretatik, deialdiak zehazten du europar identitate orokorra nabarmentzen duten informazioen aurrean, ondo legokeela estatuetako burujabetza azpimarratzen duten lanak argitaratzea; edo EBren politika orokorrek estatuen askatasunean eta politiketan duten eragina lantzea.
Partzuergo proiektu horretan “modu garrantzitsuan” esku hartu nahiko luke Estatu Departamentuak, besteak beste hura gidatuko duten “pertsona garrantzitsuei” onespena emanda. Financial Times-ek uztailean jakinarazi zuenez, Trumpek aurreikusia zuen bost bat milioi euro bideratzea Europako MAGA mugimenduaren zaleei, besteak beste “migrazio gaiak” eta “Mendebaldeko zibilizazioaren ondare partekatua” aintzat hartzen dituzten heinean.
The Redoubt-ek dioenez, dena den, Estatu Departamentuak dagoeneko jarri ditu ia 8 milioi euro helburu horiei begira. Horien artean legoke abuztuaren 14an argitaratutako diru-laguntza deialdia, aztertzeko nola “gobernu atzerritarrek eta beren ordezkariek erabiltzen duten migrazioa arma gisa”.