AEBek soldadu bat hil dute Tabriz hirian, Iran iparraldean. Islamiar errepublikak bi soldadu hil ditu AEBen Jordaniako gune militarrean, eta hirugarren bat desagertuta dago. Yemengo huthiek, berriz, itsas blokeoa ezarri diote Saudi Arabiari, eta Trumpek adierazi du ez dutela Netanyahu inola ere atxilotuko.
AEBen eta Iranen arteko gerra konpontzetik urrun dagoela dirudi, hamargarren gauez jarraian eraso baitio batak bertzeari. Pentagonoko bozeramaile nagusiak astelehenean adierazi duenez, AEBetako ehun militar inguru zauritu dira uztailaren 7an erasoei berrekin zietenetik. Asteburuan, Tabriz hiriko gune militar bat jo dute AEBek, Iran iparraldean, eta soldadu bat hil, Fars agentziaren arabera.
AEBetako presidente Donald Trumpek adierazi du “arras eraso gogorrak” egin dituztela Iranen, Teheranek asteburuan hil zituen AEBetako soldaduen “omenez”. Presidenteak sare sozialetan astelehenean idatzitako mezu batean ohartarazi du Iranek “anitzez ere garestiago” ordainduko duela soldadu bat hiltzen duen aldiro.
Islamiar errepublikak Golkoko hainbat herrialdetan kokatuta dauden AEBtako instalazioen aurka egin zuen eraso asteburuan; tartean, Saudi Arabiako Prince Sultan Aire Basea. AEBetako hainbat hegazkin militar hondatu zituen, eta AEBetako armadako hamabi kide zauritu. Hortaz, AEBek erabaki zuten aireko flotaren zati handi bat Kuwaiten, Qatarren, Bahrainen eta Emirerrietan zituzten baseetatik ateratzea, eta Jordaniara eramatea.
Iranek, ordea, erasoekin jarraitu du, eta Jordaniako Muwaffaq al-Salti aire basea jo du. Bi soldadu hil dira, eta hirugarren bat desagertuta dago. Era berean, AEBetako armadak bertze heriotza bat baieztatu du larunbat honetan Iraken, eraitsitako drone irandar baten “eztanda kontrolatuan”. Espero da AEBetako aireko flota mendebaldera, Israel aldera, mugituko dela, aireko defentsarako aterki fidagarriago baten bila. Iranek, ordea, dagoeneko frogatu du Israelen helburuak jotzeko gaitasuna duela.
Ahalegin diplomatikoetan ere ari da Iran. Barne ministro Esmail Mokhtarian Pakistanera joan da astelehenean bertako bere homologoak gonbidatuta. Pakistan bitartekari aritu da gatazkan, eta Teheranek eta Washingtonek akordio bat lortzeko elkarrizketak berreskura ditzaten ahaleginduko da.
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, berriz, AEBetako New York hirira joatekotan da irailean, NBEren bileran parte hartzeko. Nazioarteko Zigor Auzitegiak 2024ko azaroan eman zuen Netanyahu atxilotzeko nazioarteko agindua, palestinarren aurka gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak egitea egotzita.
New Yorkeko alkate Zohran Mamdanik larunbatean erran zuen Netanyahu “gerra kriminala” dela, eta atxilotzeko aukera aztertzen ari dela. Trumpek, ordea, astelehen honetan adierazi du ez dutela Netanyahu inola ere atxilotuko AEBetako lurretan.