Trumpek jaurtitako ultimatumaren epemuga amaitzeko ordu eta erdi eskas falta zirela iragarri du akordioa erdietsi dutela, Iranek Ormuzko itsasartea irekitzearen baldintzapean. Hala, bi asteko su etena egingo dute, eta Pakistanen bitartekaritzarekin negoziatuko dute gatazka amaitzeko behin-behineko akordioa. Israelek, ordea, ez dio Libanori eraso egiteari utziko, Pakistango bitartekaritzak agindu duenaren kontra.
Asteazken goizaldeko ordu bietan amaitzen zen Trumpek iragarritako ultimatuma. Ordurako Iranek ez bazituen AEBen eskakizunak betetzen – nagusiki Ormuzko itsasartea irekitzea–, “zibilizazio oso bat” suntsituko zuela agindu zuen Trumpek. Baina epemuga iritsi baino ordu eta erdi inguru lehenago akordioa iragarri dute AEBek eta Iranek, elkarri bi astez erasorik ez egiteko. Izan ere, Iranek Ormuzko itsasartea irekitzeko konpromisoa hartu du. Behin-behineko bake akordio iraunkorrago bati begira Pakistanen bitartekaritzarekin negoziatuko dute bi aldeek, Iranek ondutako hamar puntuko bake proposamenaren gainean. Horretarako, Pakistanek bi aldeak deitu ditu apirilaren 10ean Islamabaden, herrialdeko hiriburuan, negoziazioak hasteko.
Laugarren aldiz luzatu dio ultimatuma Irani AEBetako presidenteak, antza, Pakistanek, Egiptok eta Turkiak egindako bitartekaritza lanak eragina izan dutelako Ekialde Hurbileko gerran, aldi baterako behintzat. Donald Trumpek bere sare sozialetan zabaldu duenez, Iranen hamar puntuko proposamena “negoziatzeko oinarri bideragarria” dela uste du.
Hamar puntuko proposamenak dakar, besteak beste, Irani ezarritako zigor guztiak kentzea; AEBek Irani kalte ordainak ematea, gerrak orain arte utzi dituen kalteak pairatzeko; baita Irani uranioa aberasten uztea ere. Hala ere, hainbat hedabide eta adituk diotenez, zaila da Trumpek hori guztia onartzea, gerra egiteko bere argudio nagusia Irango programa nuklearrarekin amaitzea izan baita.
Trumpek bere iragarpenean adierazi du, trukean, Iranek onartu egin behar duela "Ormuzeko itsasartea erabat, berehala eta seguru irekitzea". Abbas Araqchi Irango Atzerri ministroak iragarri duenez, bi astez utziko ditu itsasontziak igarotzen itsasartetik, betiere "Iranen kudeaketapean". Ormuz izan da hain zuzen gerrak eragin duen korapilo handiena, eta Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, Ormuzko itsasartearen blokeoak "1973, 1979 eta 2022koak batera baino krisi larriagoa" eragin du.
Hala ere, bi aldeek aditzera eman dutenez, su etenak ez du gerraren amaiera esan nahi, baldintzak hauskorrak baitira. Orain, AEBek, Israelek eta Iranek hamar puntuko plana oinarri hartuta negoziatu beharko dute, eta erasoak eteteko konpromisoa bete.
Israelek ez dio utziko Libano erasotzeari
Shehbaz Sharif Pakistango Lehen Ministroak iragarri zuen Iranen eta AEBen arteko su etenaren aldi baterako akordioak gatazkako alde guztiak hartzen dituela barne, besteak beste, Libano. Netanyahuren gobernuak, baina, ez dio jaramonik egin. Israelgo Lehen ministroaren bulegoak asteazken honetan bertan iragarri duenez, AEBen eta Iranen arteko bi asteko su etena “onartzen” du, baina adierazi du akordioak ez diola Libanori eragiten. Esan eta egin. NNA Libanoko Albiste Agentzia Nazionalaren arabera, asteazken goizaldean Israelek Libano hegoaldeari airez egin dio eraso, Tiro eskualdea ebakuatzeko agindua eman ondoren.
Otsaileko azken asteburutik hona, Israelek aireko zein lurreko eraso militar gogorrak egin du Libanoren aurka. Are, joan den astean, Israelek Libanoko hegoaldeko eskualdea okupatzeko asmoa berretsi zuen, egungo mugatik Litani ibairaino. Ondorioz, Israelek gutxienez 1.500 libanoar hil eta beste 4.800 zauritu ditu.