Asteazken gauean sinatu dute memoranduma, elektronikoki. Hamalau puntu ditu akordioak, baina behin-behinekoa da. Israelek Gazako eta Zisjordaniako okupazioekin jarraitzen du.
Sinadurak ezustean harrapatu du nazioartea. Ostiralean ziren bake akordioa sinatzekoak AEBak eta Iran, baina aurreratu egin dira. Asteazken gauean sinatu dute, elektronikoki. Astearen hasieran iragarri zuten akordioa sinatuko zutela, eta hitzartutakoa sinatu dute: besteak beste, Iranek Ormuzko itsasartea irekiko du eta AEBek Irango portuei ezarritako itsas blokeoa kenduko dute. “Iranek, AEBek eta haien aliatuek fronte guztietako gerra berehala amaituko dute, Libanokoa barne”, dio memorandumaren lehen puntuak. Baina Israelek, Libanon eraso egiten jarraitzen du.
Pakistanek, bi herrialdeen arteko bitartekari aritu denak, baieztatu du albistea. Donald Trump AEBetako presidenteak Versallesen sinatu du, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak antolatutako afariaren erdian. Egun hauetan G7ko herrialdeetako liderrak, tartean Trump, Frantzian bildu dira. Dan Scarvino AEBetako presidentearen aholkulariak zabaldu du unearen bideoa sare sozialetan. AEBek sinatu eta gero, Teheranera bidali dute. Abbas Araghtxi Irango Atzerri Ministroak aurretik sinatua zuen.
Hamalau puntuko memoranduma da. Sinatutakoa gauzatuz gero, besteak beste, Iranek uranio aberastua entregatuko du, ez ditu arma nuklearrak ekoitziko eta Ormuzko itsasartea irekiko du. AEBek, aldiz, Teherani ezarritako zigor guztiak bertan behera utziko dituzte, Iran berreraikitzeko funts bat sortuko dute eta portuei ezarritako blokeoa kenduko dute.
Baina akordioa ez da behin betikoa, eta behin sinatuta negoziatzen jarraituko dute bi herrialdeek.Trumpek prentsaurreko batean ohartarazi du Iran ez bada "ondo portatzen" berriro bonbardatuko dutela, eta "burua txikituko" dietela.
Honako hauek dira sinatutako memorandumaren hamalau puntuak:
Beraz, behin-behineko bake akordioa sinatuta, lehenik eta behin, Irango itsas blokeoa kenduko dute eta Ormuzko itsasarte irekiko dute. Behin hori eginda, 60 eguneko tarte bat dute Ekialde Hurbileko gatazkak negoziatzen jarraitzeko. Hain justu, bake akordioaren lehen puntua "fronte guztietan" gerra "berehala" amaitzea da, Libano barne.
Israelek erasotzen jarraitzen du
Israelgo Gobernua akordioaren aurka azaldu da egunotan, eta Libano erasotzen jarraitzen du. Iranek salatu du Israelek 84 aldiz urratu duela menia Libanon azken bi egunetan. Libanoko iturri ofizialen arabera, martxoan erasoaldia hasi zenetik Israelek 3.800 pertsona hil ditu, eta 11.800 pertsona baino gehiago zauritu. Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak esan du Libanoko okupazioak "memoranduma urratzen" duela, eta armadak ohartarazi du Israelen erasoak gelditu ezean, "irmoki" erantzungo dutela.
Gazako Zerrendako eta Zisjordaniako okupazioak ere bere horretan jarraitzen dute. Azken orduetan bi pertsona hil dira Gazako hegoaldean egondako bonbardaketan, eta Zisjordanian bi meskita erre dituzte.