Asteartean Donald Trump presidenteak su etena "amaitutzat" eman zuenetik, AEBek bigarren aldiz bonbardatu dute Iran asteazken gauean. Azken erasoak kostaldean izan dira, eta hamalau pertsona hil dira, Irango Osasun Ministerioaren arabera. Iranek, bueltan, ondoko herrialdeetako base militar estatubatuarrak bonbardatu ditu.
Barearen osteko ekaitzak eztanda egin du AEBen eta Iranen artean. Bigarren gauez jarraian, soldadu estatubatuarrek Iran bonbardatu dute. Irango Osasun Ministerioak jakinarazi du gutxienez hamalau pertsona hil direla azken bi egunetako erasoetan, eta 78 zauritu direla. AEBen erasoen aurrean, Iranek base estatubatuarrak bonbardatu ditu.
Erasoen bidez eman du amaitutzat AEBetako presidente Trumpek ekainaren 17an Iranekin sinatutako memoranduma. Astearte gauean hasi ziren erasoak, eta bart gauean berriro bonbardatu dute Iran. AEBetako Komando Zentralak sare sozialetan azaldu du 90 "helburu militar" izan dituztela azken erasoan. Herrialdearen hegoaldeko kostaldea bonbardatu dute, hain justu, Ormuzko itsasartearen inguruko hiriak. Besteak beste, aireko defentsa sistemak eta misilen eta droneen biltegiak kaltetu dituzte, ziurtatu dutenez. AEBetako armadak adierazi du helburua "Ormuzko itsasartean mehatxu egiteko Teheranen ahalmena ahultzea" dela.
"Argi gera dadila: kolpeak ematen badituzu, bueltan ere jasoko dituzu". Hala erantzun zion Mohamad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak Trumpen mehatxuei sare sozialen bidez. Esan eta egin; Irango Guardia Iraultzaileak jakinarazi du AEBen Kuwaiteko, Qatarreko eta Bahraingo base militarrak bonbardatu dituela. Irango Kanpo Harremanetarako Ministerioak esan du AEBen erasoak "gerra krimena" direla eta Washingtoni leporatu dio memoranduma urratu izana.
Elkarri erasoka
Bi herrialdeak adostasun batera iristeko helburuarekin sinatu zuten orain aste batzuk memoranduma, gerran baitzeuden pasa den otsailaren 28tik. Bada, asteartean, Ankaran egin den NATOko goi-bileran, Trumpek "amaitutzat" eman zuen su etena, negoziatzea "denbora galtzea" zela argudiatuta. Bi aldeak elkarri leporatu diote su etena urratu izana; AEBek Irani Ormuzko itsasarteko ontziei eraso egiteagatik, eta Iranek AEBei herrialdea bonbardatzeagatik.
Elkarri eraso egiten ari diren bitartean, Iranen hileta publiko jendetsuenetariko bat egiten ari dira. 37 urtez Irango aiatola izandako Ali Khamaneiren omenaldia ostegun honetan amaituko da, Maxad hirian, bere sorterrian. Otsaileko erasoetan hil zen lider gorena izandakoa. Sei egun iraun ditu agurrak eta milioika pertsona bertaratu dira. Irango iturriek esan dutenez, oraingoz erasoek ez dute hileta oztopatu.