AEB Iraketik kanpo: aldaketa estrategikoa ala taktika besterik ez?

  • Irailaren 30ean, isiltasunean, astegun buruzurian, hedabideen begiradari iskin eginez, erretiratu dira Iraketik azken soldadu estatubatuarrak. 23 urteren ondoren. Ez dugu, bost urte geroago, bigarrenez ikusiko Kabulgoa. Edo historian atzerago joatea gogoko badugu, ez da berregingo Saigon-75ekoa.


2026ko urriaren 6a - 09:14
Azken eguneraketa: 12:40
Reuters
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ezin esango da garaipen-itxuran joan direnik: ez da 2003ko maiatzaren 1eko Mission Acomplished (misioa beteta) lotsaizun gogoangarri haren antzekorik izan orain. Ezta ere, ordea, Kabul edo Saigongoaren gisakorik. Zerbait adierazten du horrek berak: hala izan zedin planifikatu da. Eta planifikatu moduan egikaritu da. Hein batean, Bagrameko (Afganistan) “eredua” baliatu dela esan liteke, aldeak alde.

Egia da aldeak daudela Afganistangoaren eta Irakekoaren artean. Baina D. Trumpek horrelakoekin (eta edozerekin) duen tema ezagututa, aintzat hartu behar da haren isiltasuna ere. Bikaintasunaren eredu denak ez du zer ospaturik aurkitu, antza.

Iranen aurkako erasoa dagoenean egonda, Iraketik erretiratzeko une aproposena ote zen galdetu dute, ahapeka, batzuek. Irani atea zabalik uzten omen diolako. Alderantzizko erantzuna erosoagoa du, hala ere, itaunak: eraso irandarren itu baino asko gehiago ez ziren Iraken geratzen ziren soldadu estatubatuarrak; kurduak Iranen aurka matxinatu arazteko egitasmoak porrot egin zuenetik, zama ziren lagungarri baino gehiago.

Sakonagoko hausnar-bidean jartzen gaitu horrek, nolanahi ere. Erretirada taktikoa da, probetxu gutxiko saihets kalteberak murrizteko, edo egitasmo estrategiko sakonago baten aurrean gaude? Trumpen ausazko aldakortasun zoroak (eta haren administrazioaren morroikeria lotsagarriak) ezinezkoa egiten ezer ziur esan ahal izatea. Baina operazioaren egikerak aditzera ematen du itzultzeko asmorik gabe irten direla tropa estatubatuarrak Iraketik. Duela bost urte Kabuldik bezala, baina txukunago. Gertatzen dena gertatzen dela Iranekiko gerran.

Erretirada estrategiko baten osagaia izango litzateke, beraz, Irakekoa. Afganistangoa bezalatsu. Bestelako hainbat urrats eta neurrirekin batera oldoztu beharrekoa. Eta filosofiatik harago oldoztu ere.

Gerra guztiek bezala, otsailaren hondarrean AEBek eta Israelek Iranen aurka abiarazi zutenak utzi ditu jada ikaskizun batzuk. Horietako bat da arerioak hurbiletik zaindu/hertsatu/erasotzeko base militar lurtarrak biziro kalteberak direla airetik egindako eraso merkeen aurrean, oso defentsa garestiak eta ugariak ez badituzte behintzat. Eta Ekialde Hurbilean AEBek lehorrean duten hedapen guztia jartzen du ezbaian horrek.

Nonbaitetik hasi behar eta, zergatik ez Iraketik?


Irakurri gehiago: Irak Nazioartea Asia AEB Amerika
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.