AEBek eta Iranek akordioa lortu dute, baina Israelek dio Libano okupatzen jarraituko duela

  • Pakistanek jakinarazi du eta bi herrialdeek baieztatu dute akordioa. Ostiralean sinatuko dute memoranduma, eta, horren ostean Ormuzeko itsasartea ireki eta "fronte guztietako" erasoak amaitu egingo lirateke, Libanokoa barne. Ordea, Israelek azken hori ezeztatu du, eta Libanoko hegoaldean jarraituko duela iragarri du, AEBekiko "independentea" dela argudiatuta.


2026ko ekainaren 15ean - 09:37
Azken eguneraketa: 16:37
AEBek eta Iranek memoranduma sinatuko dute ostiralean. Ostean, Ormuzeko itsaasrtea irekiko da. France 24
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

AEB Amerikako Estatu Batuak eta Iran bake itunera iritsi dira eta ostiralean, ekainak 19an, sinatuko dute memoranduma, Suitzan. Hala jakinarazi du Pakistanek, zeina bi herrialdeen arteko bitartekari lanetan aritu den gerra hasi zenetik, otsailean. AEBek esan dute Iranek Ormuzeko itsasartea irekiko duela; eta Iranek, berriz, azaldu du AEBek Irango portuei ezarritako blokeoa kenduko dela eta "fronte guztietako" erasoak gelditu egingo direla, Libanokoa barne. Israelek, baina, azken hori ukatu eta ohartarazi du Israelgo armadak Libanon jarraituko duela.

Otsailaren 28an AEBek eta Israelek Irani eraso egin ziotenean hasi zen gerra. Behin behineko adostasunak izan dira tarteko, baina orain iragarri dute behin betiko akordioa, bi herrialdeek albistea berretsita. Pakistanek jakinarazi du akordioa negoziazio egun "luze" baten ostean iritsi dela.

"Akordioa sinatuta, gerra eta fronte guztietako operazio militarrak berehalakoan amaituko dira, baita Irango itsas blokeoa ere", esan du Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko Idazkaritzak ohar batean, AEBek Irango portuei ezarritako blokeoari erreferentzia eginez.

Donald Trump AEBetako presidenteak, bere aldetik, iragarri du Ormuzeko itsasartea irekiko dela. Gerra aurretik irekita zegoen, baina gerra hastean Iranek itxi egin zuen, AEBen eta Israelen erasoen aurrean. "Gauzatu da Irango Errepublika Islamiarrarekin akordioa. Munduko Itsasontziak, piztu zuen motorrak!", idatzi du Trumpek Truth Social bere sare sozialean. Adierazi du itsasartea bidesaririk gabe irekiko dela aurreikusten duela.

Gerra hasteko argudioetako bat Teheranen ustezko arma nuklearrak izan ziren. "Baieztatu dezakegu Iranek ez duela inoiz arma nuklearrik izango", esan du JD Vance AEBetako presidenteordeak. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak esana du ez duela berririk Iranek horrelako armarik duenik.

Al Jazeera komunikabideak azaldu du irandarren artean baikortasunez baina eszeptizismoarekin hartu dela albistea. Ali Gharaibabadik Irango kantzilerordeak akordioa berretsi du, baina ohartarazi du Iranek "gogor" erantzungo duela, Washingtonek esandakoa betetzen ez badu. 

Israelek ezetz erantzun du

Reuters agentziak Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak esandakoak jaso ditu: Israelek Libanoko okupatzen jarraituko du eta Iranek "errepresaliak" jasoko ditu; Israelgo armadari Libanoko operazioengatik eraso eginez gero. "Israel ez dago AEBen menpe. Herrialde independentea eta burujabea gara", esan du Itamar Ben Bvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak.

Martxoaren 2an bonbardatu zuen lehenengoz Israelek Libano. Apirilaren 16tik su etena indarrean Libanon eta maiatzaren 15ean 45 egunerako luzatu zuten. Ordea, Tel Avivek erasotzen jarraitu du, argudiatuta Hezbollah talde xiitaren aurkako erasoak direla. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, martxotik Israelek 3.783 pertsona hil ditu eta 11.700 zauritu, eta 1,2 milioi pertsona desplazatu behar izan dira. 

 


Irakurri gehiago: Iran Nazioartea Asia
Iran kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...