Hamada Hatabekin izan gara Bilboko Kasilda Iturrizar parkean. Sakia-el-Hamra eta Urrezko Ibaia Askatzeko Herri Fronteko (Fronte Polisarioa) militantea eta Euskadiko saharar diasporako kidea da, eta hogei urte baino gehiago daramatza Espainiako Estatuan bizitzen, horietatik hamabi Euskal Herrian.
1975eko Madrilgo hiruko akordioak azken frankismoko itun bat izan ziren, Mendebaldeko Saharako kolonia Marokoren esku uzteko, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea ukatuz. 50 urte baino gehiago igaro direnean, deskolonizazio traidore horren espirituak bizirik dirau Marokoren autonomia-planean, AEBen, Europar Batasunaren eta Espainiaren babesean. Has gaitezen jatorriarekin: zer ekarri zuten Madrilgo akordioek?
Akordio ospetsu horiek funtsezko sei puntu zekartzaten. Seigarren puntuak zioen akordio horiek lotesleak izango zirela BOEn argitaratzen ziren unetik, baina hori ez zen inoiz gertatu. Horrek ez du Espainiako Estatua saharar herriarekiko erantzukizun historiko eta moraletik salbuesten, dena den. Izan ere, NBEren esparruan, Espainiak (eta bere ondorengo gobernuek) iure ardura duen potentzia administratzaile gisa jarraitzen du Mendebaldeko Saharari dagokionez. Beraz, lurraldean deskolonizazio-prozesu bat burutzen ez den bitartean, erantzukizun horrek bere horretan dirau.
Espainia 1883an sartu zen saharar lurraldean, bere baliabide ugariak espoliatzeko, hala nola, arrantzarako oparoa den 1.500 kilometroko kostaldea, Lurreko bigarren fosfatorik onenaren erreserba izugarriak, eta urre edo petrolio erreserbak. Eta, hori guztia, biztanleria nomada tribuka antolatuta dagoen lurralde batean.
"Denok dakigu Trantsizioa nola egin zen: Juan Carlos erregea iritsi zen CIAren laguntzarekin, eta AEBek Hassan II.a ere babestu zuten [...]. Mendebaldeko Saharako lurraldea Aljeria, Mauritania, Espainia eta Marokoren artean banatuko zela ezartzen zuen akordioaren itxurak egin zituzten"
Franco hiltzean, denok dakigu Trantsizioa nola egin zen: Juan Carlos erregea iritsi zen CIAren laguntzarekin, eta AEBek Hassan II.a ere babestu zuten, euren aliatua baitzen eremuan. Mendebaldeko Saharako lurraldea Aljeria, Mauritania, Espainia eta Marokoren artean banatuko zela ezartzen zuen akordioaren itxurak egin zituzten. Gatazkak ekidin nahi ziren horrela, baina Aljeriak uko egin zion itunari, han herri subirano bat bazela argudiatuz. Sahararren borrokari emandako babes horregatik, akordiotik kanpo utzi zuten. Mauritaniak, ordea, bai onartu zuela. Horrela, Fronte Polisarioak, bi urte lehenago okupatzaile espainiarraren aurka borroka egiteko sortua, bi okupatzaile berriren aurkako borrokarekin jarraitu zuen: Mauritania eta Maroko.
Madrilgo akordioek irekitako agertoki neokolonial horren aurrean, autodeterminazio-eskubidea gauzatzeko, Saharan errepublika demokratikoa eraikitzeko, fosfato-meategiak nazionalizatzeko eta abarrerako proposamena defendatzen du Fronte Polisarioak. Maroko etengabe saiatu da aukera hori deuseztatzen, akordioen osteko inbasio militarraren (Martxa Berdea) eta orain arteko okupazioaren bitartez, Mendebaldearen konplizitatearekin.
Hala da, Gerra Hotzaren beste biktima bat izan zen Sahara. Frantzia beti izan da Marokoren solaskidea Europan, eta Europar Batasuna eta AEBak Sahararen baliabideen atzetik doaz. Hain zuzen ere, Madrilgo akordioetan ezartzen zen Espainiak Sahararen aberastasunen %30 bereganatuko zuela, baina hori ez zen inoiz bete Marokoren inbasioaren ondoren.
Fronte Polisarioak, bestalde, sahararren independentziarako nahia erakusten zuen, ezkerreko eta eskuineko joeren edo hierarkia tribalen gainetik, herri-batasuna osatuz. 1975 eta 1978 artean, lortu zuen Mauritania gerratik erretiratu zedila eta kausa sahararra aitortu zezala, okupatzaile marokoarraren aurkako aliantzaren parte bihurtuz. Polisarioak Marokoren aurka egindako gerrak 1975etik 1991ra arte iraun zuen, eta hainbat etapa izan zituen. Urte horretan iritsi zen NBEren Baker Plana, autodeterminazio-erreferendum bat ekartzea aurreikusten zuen negoziazio-proposamena. Marokok proposatutako galdera onartzera ere iritsi zen Fronte Polisarioa (saharar herriak marokoarra izan nahi ote zuen jakiteko galdera), Marokoko Estatuari demokrazia-lezioa emanez negoziazioetan. Bi aldeek sinatu zuten kontsulta hori gauzatzeko akordioa. Hala ere, Maroko, CIAren laguntzarekin, prozesuari etengabeko oztopoak jartzen hasi zen. Horrela, NBEren plebiszitua ez da burutu, gaurko egunera arte.
"Horrek guztiak ez digu gure kausa ahaztarazi, eta, beraz, kanpamenduetara itzuli ginen eta, urtez urte, gazte gehiago batu ginen Polisariora"
Horrela egon gara, 30 urtez baino gehiagoz herri gisa hiltzen, Marokoren okupaziopean zeuden kanpamenduetan eta hirietan. Unibertsitateko ikasketak eta lana egiteko aukerarik gabe, Marokoren errepresioaren etengabeko jomugan. Horri gehitu behar zaizkio lan egiteko edo ikasi ahal izateko beste herrialde batzuetara emigratzera behartu gintuzten gazte-belaunaldiak. Baina horrek guztiak ez digu gure kausa ahaztarazi, eta, beraz, kanpamenduetara itzuli ginen eta, urtez urte, gazte gehiago batu ginen Polisariora. Horren aurkako errepresioa hain handia izan da, argi geratu baita Marokorekiko bide bakarra borroka armatua dela. Are gehiago 2020ko azaroaren 13tik, hau da, Marokok bake-akordioa urratu zuenetik eta ehunka saharar (zibilak, %80 baino gehiago) hil dituen gerra isila hasi zenetik.
Nola eutsi dio Marokok maila horretako inbasio, kolonizazio, errepresio eta sarraskiari, nazioarteko zuzenbidearen aztarna ororen urraketa nabarmenean?
Oraintxe bertan, herrialde batzuen konplizitatea da konponbide bat gehien blokeatzen duena, hau da, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea errespetatuko duen akordio bat lortzeko prozesua gehien blokeatzen duena. Batez ere Europar Batasuna (Frantzia edo Sanchezen gobernua esaterako), baina beste herrialde batzuekin batera, hala nola Estatu Batuak, Ingalaterra edo Israel. Arabiar Golkoa ere ez dago salbuetsita. Azken finean, Marokoko diktaduraren kopia txiki bat dira arabiar lurraldean, eta hortaz, bere politikarekin ados daude, jakina; berdin dio Magreben edo Golkoan den.
"Herrialde batzuen konplizitatea da konponbide bat gehien blokeatzen duena"
Sahararen kontrolak ez dio soilik Marokoko Estatuaren interesei erantzuten, eta horren ondorio da aipatutako babes hori. Marokok Europar Batasunari itsasertzean uzten dizkion arrantza-kuotak dira horren adibide. Olagarroa adibidez, askotan salatu dugun bezala, Europar Batasunaren laguntzarekin saltzen da. Itsasontziek zuzenean ekartzen dute olagarro sahararra El Aaiunetik Vigora, eta "olagarro galiziar" gisa etiketatzen eta paketatzen dute. Gauza bera gertatzen da sardinekin, Marokoko Gadir hirira eramaten baitituzte eta "Gadir sardinak" direla esaten baitute. Lehen "Dajlako sardinak, Maroko" bezala etiketatzen zituzten, Dajla saharar lurralde okupatua zelarik. Beraz, Fronte Polisarioak eta kausa sahararraren jarraitzaileok, giza-eskubideen defendatzaileekin batera, egoera salatu genuen, eta lortu genuen aldatzea. Baina, Europar Batasunaren konplizitateari esker, tranpa horiek egiten jarraitzen dute etiketetan. Baita nekazaritzan ere, Espainiako Estatuak Marokorekin Mendebaldeko Saharako produktuak erosteko duen akordioaren ondorioz, Andaluziako eta Kanarietako nekazariak zapaldu baitituzte. Ehunka dira Marokok okupatutako lurraldean lan egiten ari diren enpresak (PSOE dago enpresa gehienen atzean), hala nola Repsol, parke eolikoak bertan jartzen dituzten korporazioak, Cepsa edo SIEMSA euskal enpresa. Batzuk geldiarazi egin ditugu salaketari esker, ez baitute haien irudia zikindu nahi izan. Sahara beti izan da interes-saski bat, baliabidez betea; baita Magrebgo gune estrategiko bat ere, ez bakarrik Marokorentzat, beste hainbat herrialderentzat ere bai.
"Ehunka dira Marokok okupatutako lurraldean lan egiten ari diren enpresak [...], hala nola Repsol, parke eolikoak bertan jartzen dituzten korporazioak, Cepsa edo SIEMSA euskal enpresa"
Saharar lurraldea Aljeriatik gertu egoteak ere zerikusi handia du. Azken finean, Maroko eta Aljeria dira inguru horretan garrantzia handiena duten bi herrialdeak. Arlo militarretik harago, Aljeria Maroko baino gehiago nabarmentzen da bere petrolio-erreserbengatik, Espainia bezalako herrialde asko bere mende baitaude. Horregatik, komeni zaienean Aljeriari presioa egin ahal izateko, Marokoren bitartez egiten dute xantaia-politika AEBek, Espainiak edo Frantziak; sahararrek ordaintzen duten politika bat.
Marokorentzat, Sahararen zapalkuntza ihes-balbula txobinista bat ere bada, bere herriak propioki pairatzen duen urritasunaren aurrean: %70ek herrialdetik alde egin nahi dute, bertako bizi-baldintza negargarriak ez pairatzeko.
Horixe bera, Marokok beti ikusi du Sahara funtsezko zutabe bat dela Marokoko herritarren aurkako erregimen diktatorial alauita iraunarazteko. Marokoko herriari sinetsarazi nahi diote mugan arazo bat dutela eta eurena den lur zati bat kendu nahi dietela. Gainera, aipatu dugun bezala, Sahara aberastasun handiko lurraldea da, eta Marokok ez du horrelakorik. Jendez hustutako basamortuan ez bezala, jatekorik ere ez duten ia 40 milioi biztanle ditu Marokok; 2 milioi marokoar baino gehiago dimentsio anitzeko pobreziaren mugaren azpitik bizi dira, muga monetarioak ezartzen duenaren azpitik. Gazte gehienek ez dituzte ikasketak amaitzen, eta dituzten irteera bakarrak armadan izena ematea edo Mendebaldera pateretan ihes egitea dira.
"Jatekorik ere ez duten ia 40 milioi biztanle ditu Marokok [...]. Basamortuaren kontrolak [...] egonkortasun rola betetzen du monarkiarentzat"
Basamortuaren kontrolak, beraz, egonkortasun rola betetzen du monarkiarentzat. Eta ez bakarrik lapurtzen dituzten aberastasunen bidez: Europar Batasunari eta gainerako bazkideei hura saltzeak aukera diplomatiko eta komertzialak ematen dizkio.

Saharan eraikitako harresia Israelek Palestinan eraiki zuenaren berdina da. Eta ez da bi horien arteko lotura bakarra.
Hala da. Gaur egun sahararrak hiltzeko erabiltzen diren droneak israeldarrak edo lehen aipatutako herrialde arabiarretakoak (Emirerriak eta Saudi Arabia) dira gehienbat. Marokok beti izan ditu eta mantentzen ditu harreman estuak Israelgo erregimen odoltsuarekin. Gauza guztietan, Abrahamen itunaren parte izatetik hasita. Eta orain ere izan dira Netanyahuren erregimen odoltsuarentzako laguntzak. Guztiek dakite hori, eta aipatutakoa dokumentatzen duten txostenak badaude. Duela gutxi, Marokoko herritarrak Palestinaren alde eta alauita erregimenak Israelekin duen politikaren aurka protesta egitera atera ziren. Marokoko Estatuak "harremanetarako bulego" bat du Israelen, enbaxada bat dena egiatan, funtzio berak betetzen baititu. Gauza bera egiten du Qatarrek, nahiz eta, bere biztanleria arabiarra ez haserretzeko, adierazten duen Tel Aviven bulego bakarra duela.
"Marokok beti izan ditu eta mantentzen ditu harreman estuak Israelgo erregimen odoltsuarekin"
Niri ez dit beldurrik ematen erasotzaileak, biztanleria arabiarra gero eta lokartuago egoteak baizik. Betikoek bakarrik egiten dute protesta Palestinakoa edo Saharakoa gertatzen denean, eta betikoek amaituko dute hilik edo kartzeletan. 300 milioi arabiarrak elkarrekin aterako balira kalera, geldiezinak izango lirateke. Erregimen arabiar gehienek, AEBek eta Israelek lagunduta, CIAk babestutako erregimen diktatorial bat mantentzen dute. Kasu egiten duten bitartean, beren posizioa mantentzen dute hilketa basatiekin.
Itzul gaitezen orain azken gertaeretara. 1991ko eta 2008ko erreferendum-saiakerak zapaldu ondoren, Marokok aurrerapauso bat eman eta bere autonomia-plana proposatu zuen. Jada ez zen soilik NBEren eta bere erreferendum planaren eraginkortasun falta probestea, ez eta legez kanpoko asentamenduekin lurra kolonizatzea bakarrik ere. Mendebaldeko Sahara anexionatzeko plan bat aurkeztu zuen zuzenean.
Marokok ez du ezer egiten bere kabuz. Martxa Beltzetik (beraiek Martxa Berdea deitzen dutena) 90era arte iraun zuen lehen gerraren ondoren, Marokok denbora irabazi zuen negoziazio eta konponbide faltsuekin. Egiaztatu zuenean nazioarteko komunitateak irtenbide bat eskatzen ziola eta Sahararen babesa itzaltzen ari zela, autonomia-plana aurkeztu zuen.
"Erregimen arabiar gehienek, AEBek eta Israelek lagunduta, CIAk babestutako erregimen diktatorial bat mantentzen dute"
Polisarioak eta sahararrok asko laga dugu, dena onartu dugu, autonomia bat izan ezik. Edozer gauza, Marokorekin anexionatzen gaituen irtenbide bat izan ezik. Ez gara marokoarrak eta ez gara marokoarrak izango. Plan hori egitate burutuen politikan oinarritu da. Israelek hil egiten duen eta asentamenduak eraikitzen dituen bezala, errealitate bat da: Maroko 1975etik ari da egoera probesten, gure baliabideak ustiatzen, okupatutako eremuan sahararrak zapaltzen edo zuzenean harresiaren beste aldera botatzen, Lurreko lekurik latzenetako batera. Galtzen ari direnak, zoritxarrez, gu gara.
Hala, Trump iritsi zenean, burututako egitate horietan oinarritu zen, Frantziaren bitartez, Marokok aurkeztutako autonomia-plana babesteko. NBEren ebazpenek, giza-eskubideek, nazioarteko legezkotasunak... ezerk ez du balio izan. Herrialde askok jarrera aldatu eta plan hori babestu zuten. Marokok, bere aldetik, egoera ulertu du eta nahi duena eskaini dio Trumpi trukean: Netanyahu baino sionistagoa izatea, Abrahamgo akordioa, Aljeria ahultzea... Aljeria beti izan da arazo bat AEBentzat; herrialde egonkorra eta konexioak dituena bere petrolio-biltegiei esker, eta sahararrek autodeterminaziorako duten eskubidea zalantzarik gabe babestu duena. Horrek asko haserretu zuen Trump.
Hala ere, ez zen Trumpen kontua bakarrik izan, haren atzetik Macron eta gero Sanchez etorri ziren. Bere agintearen pean, Espainiako Estatuak sahararrak traizionatu ditu berriro.
Bai, gauza berera goaz. Sahara, AEBentzat, Frantziarentzat, Marokorentzat edo PSOErentzat, interes ekonomikoen multzo bat baino ez da izan. Ahalegin eta bilera sekretu ugari egin dituzte Aljeriarekin negoziatzeko eta akordioren bat lortzeko, adibidez, bertako hidrokarburoak kontrolatzeko, eta ez dute lortu. Saharak berebiziko garrantzia du hor, presioa egiteko orduan, eta Mendebaldeak modu bateratuan jokatzen du. AEBek zuzentzen duten politika horrekin, non, Frantziaren laguntzarekin, Espainiako Estatua edo Alemania bezalako herrialdeei presioa egiten dieten, Marokok Espainiako Estatuaren aurka beti erabiltzen duen xantaia-politika dago: droga, immigrazioa, erradikalizazio erlijiosoa... Eta berdin zaie nola; Marokori interesatuko balitzaio, kristau erradikalen atzean ere egon liteke, bere interesengatik edozer egiten du. PSOEren ustelkeria kasuetan ere egon da tartean, Pegasus auzian (Israelgo programa bat ere badena aldi berean) eta abarretan.
"Sanchezek ez du soilik jarrera aldatu eta sahararrei aurre egin, Aljeriaren aurka ere ipini da aurrez aurre, nahiz eta Aljeriarekin harreman ona izatea askoz ere gehiago interesatzen zaion"
Sanchezek ez du soilik jarrera aldatu eta sahararrei aurre egin, Aljeriaren aurka ere ipini da aurrez aurre, nahiz eta Aljeriarekin harreman ona izatea askoz ere gehiago interesatzen zaion Espainiako Estatuari, Maroko aliatu izatea baino. Erabakia, hortaz, ez da oinarritzen ez nazioarteko legalitatean, ez Espainiaren interesetan, ez beste ezertan. Oraintxe 300.000 saharar bizi dira hemen, nazionalitate espainiarra dute eta harreman historiko sakona dute. Espainiako aurreko gobernuek bezala minimoaren alde egiteko aukera edukita (hau da, nazioarteko legalitatea eta saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubide besterenezina babestea eta zibilak hiltzearen aurka egotea), Palestinarekin egiten duen modura, 180 graduko biraketa baten alde egin du. Horrek esan nahi du atzean zerbait gehiago badagoela.
Sanchezek egin duena sahararren aurkako gerra zuzena eta ofiziala hastea bezala da. Marokok urteak daramatza gerra isila egiten, sahararrak hiltzen. Gure baliabideak xahutzen dituen herrialde bat da, armamentu gehiago, aliatu gehiago eta biztanle gehiago dituelako, baina ez du eskubiderik. Horregatik, sahararrok prest gaude geure burua defendatzeko, geure biziekin edo behar denarekin ordainduta.
Autonomia-plana onartzean eta aurreko egoerara itzultzean, beharrezkoa izan zen berriro esertzea negoziazio-mahaian. Fronte Polisarioak negoziatzea onartu zuen, eta orduan ikusi zen plana lau orrikoa baino ez zela, kea zen. Marokok atzera egin zuen, eta estatubatuarrek ere isildu egin behar izan zuten. Hedabideen presioa eta Trumpen kanpaina, gaia 60 egunean itxiko zela baitzioten, ezin ziren mantendu jada. Polisarioa negoziatzera eseri zenean, zer zekarten ikusteko, Maroko jada ez zihoan hainbesteko ganoraz gatazka konpontzeko asmoarekin; lehen aipatu dugun bezala, bere biztanleek bat eginda jarraitzeko funtsezkoa den gatazka bat. Saharako auziari behin betiko konponbidea emango balio, zer esango luke bere biztanleriak? Horregatik joan zen lau orriko autonomia-proposamen batekin. Espainiako Estatuko autonomia-erkidego batek berak ere ez du lau orriko autonomia-estatuturik. Frantziak gaiaren inguruan hitzemandako guztia ere zarata besterik ez zen izan.
"Ia bost belaunaldi gara kanpalekuetan jaio eta bizi izan garenak"
Are gehiago: Maroko ez bada gai bere biztanleriari bizi-maila onargarri bat eskaintzeko, Saharako baliabideak espoliatuta ere, nola eska diezaioke Mendebaldeak sahararrekin egin dezala hori, Katalunian egiten den bezala adibidez? Horregatik, sahararren gehiengo handi batek independentziaren alde egiten du. Marokorekin akordio batera iristeko irtenbide posible askoren alde egin dezakegu, baina Sahararen erabateko independentzia ekar dezatela. Polisarioko kide naizen aldetik, badakit irtenbide ugari egon litezkeela: autonomia urte batzuk eta gero independentzia, NBEren agindu bat eta ondoren independentzia... Baina autodeterminazioari uko egitea, inoiz ez.
Zein da egoera kanpalekuetan?
Kanpamentuak, dakizuenez, planetako lekurik latzenean daude, Aljeriako hego-ekialdean. Segurtasuna bermatuta dagoen leku bakarra da, baina visa gero eta zailagoa da. Ia bost belaunaldi gara kanpalekuetan jaio eta bizi izan garenak. Ia dena kanpotik etortzen da bertan, janaritik hasi eta arroparaino. Baita edateko ura ere, Espainiako Estatuko edo Nazio Batuetako GKEek zulatutako putzuetatik baitator. Tenperaturak, orain udan, 57 gradura iristen dira itzalpean, eta jendea "jaima" deitzen ditugun oihalezko txaboletan bizi da. Eta ez dezagun osasunaz edo hezkuntzaz hitz egin.
Erbesteko gobernu sahararraren txosten guztiek, baita Europar Batasunaren edo NBEren mendekoek ere, kontinenteko beste leku askotan baino egoera okerragoan bizi direla baieztatzen dute. Hala ere, herri gisa dugun egoera gainditzea da arazo horiek konpontzeko bide bakarra, eta horretan ari gara: gure herriaren autodeterminazio-eskubide besterenezinaren aitortza. Horregatik, askatasunerako bide horretan dena emateko prest gaude, gehien eman dutenak baitira bidean erortzen direnak. Are gehiago orain, Marokorekin dugun gerra isil honekin.