Euskal medikuak Vox-ekin batera doaz grebara iritzi-artikuluaren harira, hona hemen nire iritzia.
Lehenik eta behin, mobilizazio hauek agenda neoliberal edo eskuinak zuzendutako mugimendu baten ondorio gisa aurkezten dira. Hori ez dator bat gertakariekin. Mugimendua hasi zenean, sindikatuak eta plataformak alderdi guztiekin bildu ziren. Are gehiago, ez Vox ezta Alderdi Popularra ere ez ziren hasieran aldarrikapenen babesle izan; geroago batu ziren, politikoki komeni zitzaienean. Ondorengo babes oportunista hori mugimenduaren jatorri ideologikotzat aurkeztea sinplifikazio bat da, eta errealitatea desitxuratzen du.
Bigarrenik, gatazka hau ez da ezker-eskuin ardatzean sortu, ezta eskumen autonomikoen inguruko eztabaidan ere. Hau lan-eskubideen inguruko auzia da. 24 orduko guardiez, lan-karga jasanezinez, prekaritateaz, kontziliazio ezinezkoaz eta eguneratu beharreko lan-ereduaz ari gara. Horri zentralismo edo neoliberalismo etiketa jartzeak benetako arazoa lausotzen du.
Gatazka hau ez da ezker-eskuin ardatzean sortu, ezta eskumen autonomikoen inguruko eztabaidan ere. Hau lan-eskubideen inguruko auzia da. 24 orduko guardiez, lan-karga jasanezinez, prekaritateaz... ari gara
Ez da egia, halaber, mobilizazioa orain egitea interes pribatuen edo eliteen kalkuluengatik denik. Orain egiten da Estatutu Markoa erreformatzen ari delako, neurri batean Europaren inposizioz. Testuinguru horretan, kolektiboak bere lan-baldintzak hobetzeko aukera ikustea logikoa da. Horrek ez du aldarrikapena automatikoki korporatibismo erreakzionario bihurtzen.
Testuak beste ahulgune bat ere badu: mobilizazioan parte hartzen dutenak “manipulatuak” edo klase-kontzientziarik gabeak balira bezala tratatzen ditu. Ikuspegi hori paternalista da. Desadostasun estrategikoa ez da nahitaez alienazio ideologikoaren seinale. Profesional askok, besterik gabe, uste dugu bide hau baliagarria dela gure lan-eskubideak defendatzeko.
Azkenik, testua huts samarra iruditzen zait proposamen zehatzei dagokienez. Hegemoniaz, perspektiba galeraz eta arrisku ideologikoez hitz egiten du, baina ez du alternatiba argi eta eraginkorrik eskaintzen eguneroko arazoak konpontzeko. Horren ordez, desmoralizazioa eragiten du, baieztapen eztabaidagarrien bidez, gure eskubideak defendatu nahi ditugunengan.
Eztabaidatu daiteke markoa, estrategia edo une politikoa. Baina lan-gatazka bat borroka ideologiko total bihurtzeak ez du laguntzen osasun arloan dauden arazo errealak konpontzen. Eta, agian, hor dago planteamenduaren hutsunerik handiena: desadostasun legitimoa desbideratze ideologiko gisa aurkeztea. Nork manipulatzen du nor?
Idoia Larrea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.