Garikoitz Knörrek abiatutako egitasmoa da Aditzak.com webgunea. Euskal aditz laguntzailea jokatzeko tresna prestatu du eta adizki egokia aurkitzen laguntzen du. Aditzaren denbora, modua eta mota aukeratu behar dira eta tresna berak ematen du adizki forma egokia.
Garikoitz Knörrek batez ere euskara ikasleentzat dela adierazi du, baina euskararen profesionalek ere balia dezakete edozein zalantza izanda. Knörrek dioenez, aditzen paradigmak ez ditu ordezkatzen sistema honek. Paradigmek aditz taulak osorik erakusten dituzte eta tresna honek adizkiak banaka aurkitzen laguntzen du. Hikako formak eta aditz trinkoak kontsultatzeko aukerarik ez dago oraindik, baina zerbitzu hori ere eskaintzeko asmoa dauka Knörrek.