Sarri etxe giroan eta ezkutuan haurrek eta nerabeek jasaten dituzten sexu erasoak antzematea da erronka nagusietakoa. Bai detekzio goiztiarra bai ondorengo esku-hartzea indartu asmoz, Arabako Aldundiaren protokolo berriak adierazle zerrenda zabala argitaratu du, nahasmendu psikosomatikoetatik hasi eta gorputzean medikuak (edo helduak) aurki ditzakeen adierazle fisikoetaraino.
Babesgabetasun egoeran egon daitezkeen adin txikikoak artatzeko protokoloa da Arabako gizarte zerbitzuek aurkeztu dutena, baina indar berezia jarri dute sexu erasoetan, eta batez ere sustatu nahi dute gizarte zerbitzuen, osasun erakundeen eta administrazioaren arteko koordinazio hobea, irizpide berdinen bueltan. Esku-hartzearen une bakoitzean zer egin behar den, nola egin behar den eta hori egitea zeini dagokion zehazten du protokoloak.
Horren aurretik, eraso horiek antzemateko pautak ere ematen ditu gidak. Ez alferrik, maiz ezkutuan pasatzen diren erasoak dira, hor direlako tabua, estigmatizazioa, adin txikikoek hori guztia jakinarazteko ezintasuna, hainbatetan helduek beste alde batera begiratzea, edota kasu gehienak etxeko giroan izatea. Horren lekuko, Haurtzaroko sexu erasoek gizarte osoa seinalatzen dute erreportajean jasotako hainbat datu: biztanleen %10 eta %20 inguruk jasan dituzte sexu erasoak haurtzaroan, baina EAEn, adibidez, kalkulatzen da haurtzaroko sexu erasoen %2 besterik ez direla ezagutzen unean bertan. Kasuen %80,8 konfiantzazko ingurunekoa izaten da eta bitik bat familiakoa.
Nola jakin?
Adierazle zerrenda luzea da protokoloak dakarrena. Alarma piztu beharko litzateke ikusten bada, besteak beste, azalpenik gabe (edo sinesgarriak ez diren azalpenak emanda) lesioak dituela genitaletan, zupada aztarnak lepoan edo bularrean, haurrak edo nerabeak berak esaten badu sexu indarkeria jasan duela, edota hori baieztatzeko informazio fidagarria ematen badute ingurukoek. Testuingurua eta bestelako faktoreak kontuan hartuta, sexu indarkeria egon daitekeen seinale izan daitezke, baita ere, bere adinerako egokiak ez diren jokabide hipersexualizatuak edo autoerotikoak izatea (esaterako, heldu bati eskatzea musu ematean mihia sartzeko edo mihia sartzen saiatzea), adinerako ezohikoak diren sexu ezagutzak izatea, nahasmendu disoziatiboak pairatzea, motiborik gabe dirua edo opariak izatea, lagunekin bat-batean harremana galtzea… Azkenik, adierazle ez-espezifikoak daude, bestelako bortizkerien (edo errealitateen) ondorio ere izan daitezkeenak, hala nola nahasmendu psikosomatikoak, loaren nahasmenduak, jokabide erregresiboak, portaera deigarriak edo desegokiak soilik sexu ekintzekin lotuta, beldur ulergaitzak, uzkurtasun soziala, trauma osteko estresaren sintomak, etxetik ihes egitea, tristura iraunkorra, pseudo-heldutasuna, autolesio jokabideak edota suizidio saiakerak.
Zerrenda osoa lotura honetan duzu.
Baionako auzitegian, 500 kasutik gora
Arabako gizarte zerbitzuek gida berria aurkeztu duten egun berean jakinarazi du Baionako Auzitegiak 550 salaketa inguru dituela aztergai, haurren kontrako sexu indarkeriari lotuta. Frantziako Justizia ministroak eman die agindua epaitegiei: uztailaren 14a baino lehen, estatuan erregistratuta dauden 70.000 kasuak berrikusi behar dituzte. Justizia geldoa dela, baina behar dena egingo dutela adierazi du Baionako prokuradore Mariel Garrigos-ek, Berria-n jaso dutenez. Urtean mota guztietako 23.000 bat kasu epaitzen dituzte Baionan, horietatik 1.000 sexu indarkeriari lotuak.
Pasa den maiatzean, Lyhanna Rameau 11 urteko neska desagertu zen Lozèren (Okzitania), eta eskualde bereko Fleurance herrian agertu zen ondoren, hilda. Aferak hautsak harrotu ditu eta testuinguru horretan ulertu behar da orain Justizia ministroak haurren aurkako sexu indarkerian fokua jarri izana.