Abendutik, 16 urtez azpikoek ezin dituzte sare sozialak erabili Australian, baina praktikan neurria ez zela egingarria zioen ahots ugarik. Plataformek emandako datuak eskuan, kontrakoa frogatu dela dio Australiako Gobernuak: “Guraso australiarrek jakin dezatela euren seme-alabek haurtzaroa berreskuratu dutela”.
Adin txikikoenak direla identifikaturiko 4,7 milioi kontu ezabatu dituzte hamar plataforma nagusiek: Instagram, TikTok, YouTube, Twitch, X, Facebook, Kick, Reddit, Snapchat eta Threads plataformek. Datuak gobernuari helarazi dizkiote jabeek. Izan ere, multinazionalak eurak dira neurria bete behar dutenak, bestela zigorra haientzat da, 33,2 milioi dolarreko isunak ordaindu behar izateraino.
Debekuak izan duen eraginaren dimentsioa ulertzeko, 8 eta 15 urte arteko 2,5 milioi haur inguru bizi dira Australian, eta 4,7 milioi dira ezabaturiko kontuak. “Sare sozial harrapakarien enpresak gure umeengana iristea galarazten ari gara”, esan dute gobernutik.
Batzuek diote debekua ez dela bidea, heziketa digitala baizik, baina sare sozial guztiek onartua dute beren dinamika batzuk desegokiak direla adin txikikoentzat
Kontua adin txikiko batena ez dela ziurtatzeko, plataformek identifikatzeko dokumentuak eskatu ditzakete, kontuaren jabearen aurpegia “irakurrita” adina zehazteko teknologiak aplikatu ditzakete, edo dagoeneko dituzten datuak erkatu ditzakete (esaterako, zein urtetan aktibatu zen kontua).
Lege polemikoa
Teknologiaren erabilera, osasun mentala, pribatutasuna eta haurren segurtasuna eztabaidaren lehen lerrora ekarri zituen lege aitzindariak. Batzuek defendatu zuten debekua ez dela bidea, heziketa digitala baizik, baina sare sozial guztiek onartua dute beren funtzio eta dinamiketako batzuk desegokiak direla adin txikikoentzat. Sortzen duten menpekotasunaz eta oraindik guztiz heldu gabe dauden garunetan duten eraginaz luze zabal irakurri izan dugu, han-hemenka.
Hainbaten iritziz, gurasoen kontrola indartzea da gakoa: mugikorretan gurasoen kontrol sistemak derrigorrezko izan daitezela jasotzen du, adibidez, Espainiako Gobernuak prestatu duen lege aurreproiektuak.
Sare sozialak, komunitate indigenen edo LGTBI gazteen babesleku? "Pertsonen ongizateak ezin du multinazionalen algoritmoen baitan egon"
Australian bertan, neurriaren aurka agertu ziren hainbat komunitate indigena, LGBTI kolektibo, landa-eremuko biztanle eta nerabeen bueltako elkarte: geografikoki isolatuta edota egoera zaurgarrian dauden gazteentzat sare sozialek duten garrantzia defendatu zuten, babesa eta sarea ematen dietela-eta. ETB1eko Biba Zuek! saioan horretaz galdetuta, kritika horiek gure gizartearen hutsune bat baino azaleratzen ez dutela erantzun zuen Telmo Lazkano osasun digitalaren arloko aholkulari eta Altxa Buruako kideak, kolektibo horiek sumatzen duten “hutsune hori multinazionalak betetzen ari direlako, eta pertsonen ongizateak ezin du multinazionalen algoritmoen baitan egon”. Auzia harago doala azpimarratu zuen Lazkanok: “Gizarte gisa erantzun behar diogu, algoritmo horien helburua ez delako aipaturiko taldeen ongizatea, baizik eta etekin ekonomikoa ateratzea, are gehiago, askotan komunitate horien kalterako eragiten du algoritmoak”.
Kontuak kontu, Australiak irekitako bideari heldu nahi dioten herrialdeak gero eta gehiago dira, eta tartean dira Espainiako eta Frantziako estatuak. Europar Batasunak berak 2027-28 ikasturterako jarri nahi luke neurria martxan.
ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.