Adin txikikoei zezen ikuskizunetan parte hartzeko aukera emanen dien legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

  • Uda honetan sartuko da legea indarrean, EAJren, PSE-EEren, PPren eta Voxen aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin da, eta Sumarrek aurka bozkatu du. Talde animalistek erran dute "atzerapausoa" dela, eta auzitara joko dutela.

Adingabe batzuk sokamuturrean parte hartzen AnimaNaturalis CAS International

2026ko ekainaren 26an - 12:06
Azken eguneraketa: 14:24
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adin txikikoei zezen ikuskizunetan parte-hartzea ahalbidetuko dien legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, ortzegun honetan. EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dute proposamena, adingabeek parte hartzen duten eta bigantxa txikiekin egiten diren ekitaldiek zuten lege hutsuneari erantzuteko. EAJz eta PSE-EEz gain, PPk eta Voxek ere aldeko botoa eman dute. Sumarrek aurka bozkatu du, eta EH Bildu abstenitu egin da. Eritz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak aitortu du gaiak "zalantzak eta kontraesanak" eragiten dituela EH Biduren barnean. 

Hortaz, aurrerantzean, 8 urtetik gorako adingabeek gurasoen baimenik gabe parte hartu ahalko dute sokamuturrean eta antzeko ekitaldietan, baldin eta heldu batek lagunduta badaude edo adinez nagusiko pertsona batek gainbegiratzen baditu.

Parte hartzaileei ez ezik, animaliei ere eraginen die lege berriak. Abereek gutxienez sei hilabete eta gehienez 18 izan beharko dituzte, eta adarrak estalita edo babestuta eraman beharko dituzte, adarkadak saihesteko. 

Horrez gain, animalien ongizatea bermatzeko neurriak hartu beharko dira. Erraterako, zezen bakoitza gehienez ere hamabost minutuz erabili ahalko da. Eta debekatuta egonen da animaliak “zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea eta tratu iraingarria ematea”. Halakorik egonez gero, ikuskizuna bertan behera uzteko eskumena izanen du ekitaldiaren antolatzaileak. 

Ikuskizunak itxituren barruan egin beharko dira beti, babes-hesi seguruekin, eta derrigorrezkoa izanen da parte-hartzaileei segurtasun neurriei buruzko informazioa argi helaraztea. Arau-hausteak 150 euro eta 30.000 euro arteko isunekin zigortuko dira. 

Antolatzaileek, abeltzainek eta parte hartzaileek “animalien egoera fisiko eta psikologikoa” zaindu beharko dute, “estresa, nekea, beldurra edo sufrimendua” adierazten ote duen behatuta. Izan ere, jaialdiaren lekuan ez da derrigorrez albaitaria egonen, jatorrizko testuak hala eskatzen bazuen ere.

Ganaduzaleak pozik, animalistak haserre

Legea onartu ondoren egindako adierazpenetan, pozik agertu dira ganaduzale eta zezenketa elkarteetako ordezkariak. Kontrara, animalisten elkarteek ohar batean salatu dute "atzerapausoa" dela ortzegun honetan onartutako testua, "animalien ongizatearen aurkakoa" delako, bertzeak bertze. Evaristo Rodriguez Euskanbafed Elkarteko ordezkariak aurreratu du auzitara joko dutela, araua baliogabe gera dadin. 

Gainera, animalistek gogora ekarri dute legealdi honetan onartzen duten antzeko bigarren lege ekimena dela. Joan den urteko martxoan onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak adingabeak ehiza laguntzaile izateari bide ematen dion lege erreforma ere. Martxo honetan, berriz, legearen aurkakoek Gasteizko Legebiltzarrari 40.000 sinadura helarazi zizkioten.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...