“Adimen artifizialaz” hitz egiteko estilo gida

  • Haurren guraso, hezitzaile eta zaintzaileentzako gida praktiko bat adimen artifizialaz hitz egiteko, kazetarientzat ere interesgarria izan litekeena.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko ekainaren 23an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kanadako British Columbia estatuko guraso batzuek PACES Vancouver taldea sortu dute, haien hezkuntza sailari eskatzeko bi urteko moratoria bat eskoletako “adimen artifizialaren” erabileran.

Besteak beste, “adimen artifizialaz” hitz egiteko estilo gida bat sortu dute. Printzipioz haurren guraso, hezitzaile eta zaintzaileei zuzendutakoa, baina nire ustez edonorentzat egoki eta argigarria… baita”AAren” irudia biderkatzen dugun kazetariontzat ere. Gida hori egiteko, bide batez, inspiratu dira beste elkarte batek, ikusmen urriko pertsonenak, duela urte pare bat ‘trafiko istripuez’ hitz egiteko sortutakoan.

Hona bada, lagun kanadarren baimenarekin, gidaren euskarazko bertsioa.

Izan argia “AA” motari dagokionez

“AA” terminoa denari aplikatzen zaio jadanik. Robot aspiragailuek orain “AA” daukate. Irudien bereizmena handitzeko ‘upscaling’ teknologia, hamarkada luzea bete duena, orain “AI Upscaling” da. “AA” daukaten hortzetako eskubilak ere badira salgai!

Beste “AA” forma batzuk dira ChatGPT, bideoak sortzeko Sora izeneko produktua (mundua irauli behar zuena, baina horren ordez itxi egin dutena), Microsoft Copilot eta beste hamaikatxo.

Eta bestetik, jakina da erradiologoek “AA” erabil dezaketela minbizia identifikatzeko.

Horiei guztiei esaten zaie “AA”, baina argi dago produktu ezberdinak direla, zorroztasun zientifiko eta erabilgarritasun sozial oso ezberdinekin. Guztiei “AA” deitzeak diskurtso publikoa lausotu eta “AA” korporazioen interesei laguntzen die. Enpresek eta eskolek “AAren” erabilera zientifikoa argudiatzen dute ikasgeletan txatbotak sartzea justifikatzeko.

Hitzaren abusuak ekarri du “AA” esanahirik gabeko marketin termino hutsala bilakatzea.

Produktuen kasuan, baztertu “AA” eta aipatu produktua bera.

EZ: “AA ikasgeletara iritsi da“.
BAI: “Copilot bezalako txatbot produktuak ikasgeletara iritsi dira”.

OpenAIren ChatGPT, Microsoften Copilot edo Googleren Gemini produktuak dira. Ez dira “tresnak”. Produktu horiek sortu dituzte propio merkaturatu duten enpresentzat irabaziak sortzeko.

Ikerketako “AArentzat” erabili “programa” edo “algoritmoa”

EZ: “AAk minbizia antzeman dezake”.
BAI: “Ikertzaileek programa bat erabili dute minbizia antzemateko”.
BAI: “Ikertzaileek minbiziaren irudi askorekin entrenatutako algoritmo bat erabili dute minbizia antzematen laguntzeko”.

Kasu honetan “AA” zentzurik gabeko nahastea da. Ikertzaileek tresna sortu eta gero erabili egin zuten. Haien lana, seguruenik, beste ikertzaile batzuek gainbegiratuko zuten.

Gelditu publizitate hizkera

Korporazioak hamaika modutan ari zaizkigu “AA” saltzen. Salmentarako erabiltzen duten hizkera kaltegarria guztiok gureganatu eta erabiltzen dugunean, orduan errealitate sinisgarria bilakatzen delako. Horri “AA hype” deitzen zaio. “AA” daukan zerbaitek ez du zertan “AA”rik gabekoa baino hobea izan.

Eskola edo gobernu batek proposatzen badu ikasleei “AA” eskura jartzea, lehen galdera izan beharko litzateke: nola lagunduko die produktu horrek ikasleei?

  • Zer ikerketa pedagogikotan oinarritzen da proposamena?
  • Zer diote gaur egungo ikerketek LLMek ikasleen ikasketa prozesuan duten eraginaz?
  • Zer pentsatzen dute gurasoek eta ikasleek eurek proposamenaz?
  • Nola eragiten die proposamenak erakundearen deskarbonizazio helburuei?
  • Hezkuntza erakundeek plagioaren inguruko arauak dituzte sarritan. Nola uztartuko du eskolak hori lapurtutako edukiekin entrenatutako tresna bat gomendatzearekin?
“Saihestezina”

“AA” saltzen duten enpresek etekin eskerga atera diote “adimen artifiziala saihestezina da” ideiari. Eskola arduradunek ideia-bukle berdina erabiltzen dute sarri ikasgeletan “AA” jartzea justifikatzeko.

Ez antropomorfizatu

Microsoftek eta OpenAIk maite dute haien produktuak pertsonak balira bezala aipatzea. Txatbot gehienek lehen pertsonako izenordeak erabiltzen dituzte, “Hori nik egin dut” estiloko gauzak esanez.

Zaila da zereginak betetzen dituen produktu bati buruz jardutea, tartean nahi gabe agentzia balu bezala hitz egin gabe.

Pertsonok LLMak pertsona gisa tratatzen duten hizkera erabiltzen dugunean, benetako gizakien balioa gutxiesten dugu. Irudi ahaltsuagoa eta fidagarriagoa ematen diogu produktuari, haren erantzukizuna murrizten dugu, eta zailago egiten dugu “AAren” emaitzekin kritiko jokatzea, emaitza horiek okerrak direnean ere.

Zentratu pertsonan, ez produktuan

EZ: “AAk arazo hori konpon dezake”.
BAI: “Jendeak LLM bat erabil dezake erantzuna daukan testu bat sortzeko”.

LLMek ezin dute arazorik konpondu. Testu bat sortu dezakete, erantzun zuzenaren berdina izan daitekeena.

Trukatutako dado batzuk botatzeak sarritan sortuko du emaitza bat “zenbat da 3 + 3” galderaren erantzunarekin bat datorrena. Baina horrek ez du esan nahi dadoek galderari erantzun diotenik. Galderaren erantzunarekin bat datorren emaitza eman dute.

EZ: “AAk pelikulak egin ditzake orain”.
BAI: “Jendeak produktu batzuk erabil ditzake, beste film batzuekin entrenatutakoak, bideoak sortzeko”.

Azalpena: “AAk” ez du ezer esan nahi. Nor ari da lana egiten? Nondik etorri da informazioa? Idazle batek liburu bat idazten duenean, ez dugu esaten “Microsoft Wordek Eraztunen Jauna idatzi du”.

“Ulertzea”

EZ: “AAk ulertzen du zer esaten ari den eta erantzun bat eman”.
BAI: “Copilot-ek testua sortuko du, zuk tekleatzen diozun horretan oinarrituta”.

LLMek ez dute ulertzeko ahalmenik. Zure telefonoko auto-osatze funtzioak zure emailaren edukia ulertu ezin duen bezala.
“Haluzinatzea”

“AAren arazo handi bat maiz dituen haluzinazioak dira”.
“Copilot bezalako produktuak testu sinisgarriak fabrikatzeko diseinatuta daude”.

Gizakiek haluzinatzen dute; LLMek emaitza bat sortzen dute sarrera bati erantzunez. Batzuetan, emaitza horrek bat egiten du errealitatearekin, baina erabiltzen duten algoritmoek ez dute “egia”-ren kontzepturik, baizik eta zer den litekeena edo sinisgarria.

“Haluzinatu” bezalako termino konplexua erabiliz, korporazioek ezkutatzen dute LLMak propio diseinatuta daudela euren erantzunak asmatzeko.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Adimen artifiziala kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 6
Lurraldea eta arkitektura
AA

2026ko martxoaren 18
Teknologia
Orakulu hauek...

2026ko urtarrilaren 28
Teknologia
AAk zertarako sortu?

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...