Abusuengatik salatutako Flecha babesten duen erakunde batek indarkeria matxistaren inguruko formazioa ematen die irakasleei

  • Adarra Pedagogi Erakundeak ondorengo formazio ikastaroak ematen ditu ikasturte honetan: Maskulinitateak, indarkeria matxistaren prebentzioa eta tratu onak eta Indarkeria matxistari aurre egin ikastetxearen ikuspegitik. Ikastaro horietako batean izena eman zuen irakasle batekin mintzatu da ARGIA. Azaldu duenez, ikastaroan erreferentzia nagusiak CREA eta Ramón Flecha ziren. Horren egokitasunaren inguruko zalantza agertu zuen parte hartzaileen foroan eta hedabideek argitaratutako salaketen albisteak gehitu zituen. Ikastaroko arduradunek bere iruzkinak ezabatu zituzten.

adarra.org

2026ko urtarrilaren 19an - 07:27
Azken eguneraketa: 10:47
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Hezkuntza Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleei banakako prestakuntza-ikastaroak emateko zerbitzua” da Ikasiz Hezi. 2025-2026 ikasturtean ehun ikastaro baino gehiago eskaini ditu, askotarikoak. Horien arteko bi behintzat Adarra erakunde pedagogikoak eman ditu azaroa eta abendua bitartean: Maskulinitateak, indarkeria matxistaren prebentzioa eta tratu onak eta Indarkeria matxistari aurre egin ikastetxearen ikuspegitik. Ikastaro bakoitzak 40 plaza zituen, 30 ordukoak izan dira eta online eman dituzte. Aurretik ere eman ditu Adarrak irakasleentzako formazio ikastaroak Jaurlaritzaren programa horren barruan. Esaterako, Sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa hezkuntza eremuan eta Indarkeria matxistari aurre egin ikastetxearen ikuspegitik ikastaroak, 2024-2025 ikasturtean.

Ikastaroetako irakasleen artean daude, besteak beste, EAEko Ikas Komunitateen koordinatzailea eta unibertsitateko bi irakasle. Hirurek Flecharen eta CREAren aldeko mezuak zabaldu dituzte

Heziguneak bere webgunean jasotzen duenez, bi ikastaroetako irakasleen artean daude, besteak beste, EAEko Ikas Komunitateen koordinatzailea eta EHUko bi irakasle. Hirurek zein Adarrak erakunde gisa Flecharen eta CREAren aldeko mezuak zabaldu dituzte haien aurkako salaketa larrien aurrean, eta emakume salatzaileen aurka egin dute. Berdin egin dute Adarrari loturiko Ikaskom eta Kaiera argitalpenek ere. Adarra Pedagogi Erakundea 1978an sortu zen, eta bere webgunearen arabera elkarlan harremana du hezkuntza arloko zenbait euskal eragilerekin.

Uztailaz geroztik, CREA ikerketa zentroaren eta bere sortzaileetako bat den Ramón Flecha soziologia katedradunaren aurkako salaketak ugaritu dira. Sexu eta botere abusuak, sekta funtzionamendua izatea edo lan esplotazioa leporatu dizkiete dozenaka emakumek. Abenduan Bartzelonako Unibertsitateak fiskaltzan salatu zituen CREA eta Flecha, delitu larriak egotzita, eta fiskaltzak salaketa tramitera onartu eta ikerketa abiatu du. CREA Herrialde Katalanetan sortu zen eta bertan izan du indar gehien, baina Euskal Herrira ere zabaldu zen, ARGIAk CREA eta Ramón Flecha: Euskal Herrian ere abusuak, mehatxuak eta jazarpena ikerketa erreportajean agerian utzi zuenez.

Ikastaroa barrutik

Bittor Cámara Hierro Abadiñoko BHI ikastetxeko irakaslea da, eta ikasturte hasieran Maskulinitateak, indarkeria matxistaren prebentzioa eta tratu onak formakuntza ikastaroan eman zuen izena. 

Ikastaroa azaroaren 3an hasi zen, eta abenduaren 18an amaitu. Lehen saioa “sentsazio arraroarekin” amaitu zuen Cámarak, besteak beste, jaso zituen edukiak “ez zutelako zerikusirik” ikastaroaren izenburuarekin. Edukia EAEko Ikas Komunitateen Sareko koordinatzaileak eman zuen, eta hizpide izan zituen ikas komunitateak, solasaldi dialogikoak edota “hezkuntza jardun arrakastatsuak”. Ikastaroarentzako erreferentzia nagusia Guia de comunidades de aprendizaje (Ikas komunitateen gida) liburua izango zela ere adierazi zieten parte hartzaileei. Cámarak azaldu duenez, saioaren amaieran beste irakasle bat kexu agertu zen arrazoi beragatik. “Orduan pentsatu nuen, a, bale, ez naiz ni okertuta dagoena”.

"Salatzekoa da formakuntza hori irakasleoi ematea, Jaurlaritzaren programa baten barnean eta diru publikoz lagunduta" (Bittor Cámara)

Hurrengo egunean irakasleak liburua inprimatu eta lankide batekin partekatu zuen aurreko eguneko saio “arraroa”. Lankideak Ramón Flecharen izena ikusi zuen azalean, eta bere aurkako salaketez ohartarazi zuen. Orduan, ikastaroko partaideen foroan idatzi zuen Cámarak. “Adierazi nuen zalantza sortzen zidala gure ikastaroko erreferentzia nagusia Flecha izatea, kontutan hartuta bere aurka zeuden salaketak, eta hainbat albisteren estekak gehitu nituen”. Ikastaroko arduradunek berak idatzitakoak ezabatu zituzten hainbat aldiz. “Esan zidaten informazio horiek guztiak difamazioak zirela, salaketa anonimo horien atzean abusatzaileak zeudela, eta ezin zidatela utzi foroan gezur horiek zabaltzen. Nirekin hitz egiteko eta azalpenak emateko prest zeudela adierazi zidaten, baina pertsonalki hitz eginda”.

Cámarak ikastaroa utzi zuen, “ez nengoelako ados iturri nagusiak Flecha eta CREA izatearekin”. Larria iruditzen zaio ustez indarkeria matxista ekidin eta maskulinitate berriak sustatu nahi dituen ikastaro batean abusuengatik salatutako pertsonak eta erakundeak erabiltzea erreferentzia nagusi gisa, “baina batez ere salatzekoa da formakuntza hori irakasleoi ematea, Jaurlaritzaren programa baten barnean eta diru publikoz lagunduta”.


Irakurri gehiago: Ramón Flecha eta CREA kasua
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin