Gizonezkoaren “integritate moralaren aurkako” delitua frogatzen saiatu ziren epaiketan, baina epaileak errugabetzat jo ditu. Sei lagunek egindakoa indarkeria matxistaren biktima bati laguntzea bertzerik ez dela izan agerian geratu da.
Absolbitu egin dituzte Zestoako (Gipuzkoa) auzian epaitutako sei lagunak. Indarkeria matxistaren biktima zen emakume bat eta bera babesten aritutako bortz lagun salatu zituen 2018an emakumearen bikotekide ohiak, eta epaiketan gizonezkoaren “integritate moralaren aurkako” delitua frogatzen saiatu ziren akusatzailearen abokatua eta Fiskaltza.
Zazpi urteren ostean, abenduan, Donostiako Auzitegian akusatuen aulkian eseri ziren sei akusatuak. Gizonak lau eta bortz urteko zigorrak eskatzen zizkien haren bikotekide izandako emakumeari, eta emakume hori "denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan" babestu duten bortz laguni, tartean, Zestoako alkate Mikel Arregiri.
Epaiketan entzundakoen ondoren, ordea, fiskalak ez zuen "integritate moralaren aurkako" deliturik ikusi, eta erretiratu egin zuen espetxe zigor eskaera. Salatzailearen bikotekidearentzako absoluzioa eskatu zuen, baina gainerakoentzako zortzi hilabetez eguneko seina euroko isuna jartzeko eskaera egin zuen; alegia, 1.450 euro inguru buruko, "hertsatze" delitua bazegoela uste zuelako.
Bada epaileak, epaiketa amaitu eta bortz hilabetera, ebatzi du ez zela inolako deliturik gertatu. Errugabetzat jo ditu, eta absolbitu egin ditu denak. Ez dute, beraz, fiskalak eskatutako zigor ekonomikorik ere ordaindu beharko.
Sei akusatuek egindakoa indarkeria matxistaren biktima bati laguntzea bertzerik ez zela izan agerian geratu da. Zestoako Mugimendu Feministak "elkartasun feministaren aurkako salaketa" izan zela salatu zuen, eta kasua epaiketetaraino heldu izanak agerian uzten duela sistema judizialaren "izaera heteropatriarkala".
Hedabideetan zein kalean presentzia handia izan du kasuak. Epaiketa bezperan Zestoako plazan zein epaiketa kanpoan kontzentrazio jendetsua egin zuten, epaituei babesa adierazteko.