“Absentismoaren gezurra” salatu dute hainbat sindikatuk Donostian

  • Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a, eta, hori dela eta, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazioa egin dute Donostian astearte eguerdian, Absentismoa: gezurra ari du. Gure lan-eskubideak defenda ditzagun! lelopean. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean amaitu da mobilizazioa, eta sindikatuek 2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak irudikatu dituzte, euren lana aitortzeko eta heriotzak salatzeko: “Lan batzuek hil egiten dute, eta beste askok –gehienek– ez dute bizitzen uzten”.


2026ko apirilaren 29an - 09:48
"Absentismoaren gezurra" salatzeko mobilizazioa, Donostian. LAB sindikatua
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

“Patronalak horrenbeste aipatzen duen absentismoa langileen prekaritatea baino ez da” salatu dute sindikatuek: “Bizitza guztiek ez dute kapitalarentzat berdin balio, eta hori gordintasunez islatzen da lan baldintzetan”. Ildo beretik, “patronalak eragiten duen epidemia hilgarri eta isil baten aurrean” daudela salatu dute, baita salatu ere patronalak ez duela “ezer egiten” honen inguruan, eta “sistematikoki urratzen” duela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, “berau onartu eta 30 urtera”.

Era berean, sindikatuek nabarmendu dute “erantzukizunen utzikeria hori” ez litzatekeela posible izango “administrazioaren permisibitaterik eta konplizitaterik gabe”: “Borondate politiko faltak errealitate hau betikotzea ahalbidetzen du”. “Patronalak sortu du arazoa eta orain langile klasea egin nahi du horren erantzule”, gaineratu dute.

2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak irudikatu dituzte mobilizazioan. LAB sindikatua

Horrela, ustezko absentismoaren atzean “mutualitateen boterea indartzeko, osasun sistema publikoa are gehiago ahultzeko eta pribatizazioan aurrera egiteko asmoa ezkutatzen da”, sindikatuen ustez: “Langileok lanera gaixorik joan gaitezen, eta, ondorioz, langile klasearen eskubideak murriztu eta enpresen etekinak handitu daitezen”.

Hori dela eta, sindikatuek ohartarazi dute borrokan jarraituko dutela, “guztiontzako lan baldintza duinen alde, ikusezinak diren lanen aitortza eta babesaren alde, genero eta arraza esplotazioa amaitzearen alde eta pertsona guztientzako osasun eta bizitza eskubidea bermatuko duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde”.


Langile borroka kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.