Abian da helduentzako literaturaren Peru Abarka lehiaketa

  • Otsailaren 27ra arte ireki da narrazioak aurkezteko epea, eta ondoren irekiko litzateke ilustratzaileentzako epea. Euskarazko literatura sustatzea du helburu, Markina-Xemeingo Udalaren eta Erein argitaletxearen eskutik. Hautagaiek 2.500 euro eta lana album ilustratu gisa argitaratzea irabazteko aukera dute.


2026ko otsailaren 11n - 12:21
Azken eguneraketa: 2026-02-12 10:21
Ane Labaka eta Raquel Samitier izan ziren 2024ko edizioaren irabazleak. Erein argitaletxea
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Peru Abarka lehiaketak otsailaren 27ra arte ireki du helduentzako narrazioak bidaltzeko epea, Markina-Xemeingo Udalaren eta Erein argitaletxearen eskutik. Lehiaketak euskara batuan helduentzako literatura sustatzea du helburu eta bi fasetan banatzen da: lehen fase honetan narrazioak aurkezten dira eta, bigarrenean, narrazio irabazlea ilustratzeko proposamen onena sarituko da. Garaileek 2.500 euro irabaziko dituzte eta Erein argitaletxearen eskutik album formatuan argitaratuko dute lana, narrazio ilustratua hain zuzen. 800 aleko lehen edizio bat kaleratuko da eta irabazle bakoitzari hamar ale emango zaizkio.

Sariduna hautatzeko, epaimahaia Markina-Xemeingo Udaleko ordezkari batek, Erein argitaletxeko ordezkari batek eta sektoreko profesional batek osatuko dute. Epaimahaiak ikusten badu narrazioek gutxieneko kalitate-maila eskuratu ez dutela, saria ez ematea erabaki dezake. Pasa den urteko 18. edizioan, Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak, Ainhoa Aldazabal literatura-kritikari eta literatura-taldeen dinamizatzaileak eta Mari Eli Ituartek itzultzaile eta literatura-irakasleak hala erabaki zuten eta ez zen saririk banatu.

Lehiaketara aurkezteko oinarriak Peru Abarkaren  web orrialdean kontsultatu daitezke. Lanerako gaia librea da eta partaideko gehienez bi lan bidali daitezke, prosaz edo bertsoz egindakoak. Gutxienez 11.000 eta gehienez 15.000 karaktereko luzerakoak (espazioak barne) izan behar dira. 18 urtetik gorakoentzat eta aurretik egindako lau edizioetan sarituak izan ez direnentzat zabaldu da deialdia. Lanak originalak eta aurretik argitaratu edo saritu gabeak izan behar dira eta ezingo da adimen artifiziala erabili. Antolatzaileek azpimarratu dute 18 edizioetan "uzta ederra" argitaratzea lortu dutela, eta aurtengoan  parte hartzeko deia zabaldu dute. Sariak banatutakoan, Markina-Xemeingo Udalak eskuratuko ditu bost urtez irabazlearen ustiapen-eskubideak, erreprodukzio, banaketa eta komunikazio publikoko eskubideak barne eta ondoren egileenak izango dira.

 


Euskal literatura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Mirande

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.