Mathieu Horn atera da bigarren itzulian garaile, botoen %37,38 lortuta. Lehia estua aurreikusia zen lau hautagaien artean, ikusita lehen itzulian guztiak zirela botoen %20 eta %30 lortuta kokatu. Finean, arrakala agertu da lehen bien eta azken bien artean.
EH Baikoak edota hurbilekoak ere barne dituen Mathieu Hornen zerrenda atera da bigarren itzulian garaile Bokalen (Lapurdi). Bigarren kokatu da Guy Boulanger –%29,85–, hirugarren orain arteko auzapeza izandako Francis Gonzalez –%17,84–, eta azken, Helene Etchenique –%14,92–. Lehia estua aurreikusia zen lau hautagaien artean, ikusita lehen itzulian guztiak zirela botoen %20 eta %30 lortuta kokatu. Finean, arrakala agertu da lehen bien eta azken bien artean.
Horn biziki pozik agertu da euskal komunikabideek elkarlanean bideraturiko jarraipenean: "Harrotasun handia dut, bokales gisa herria ordezkatzeko hautatu izanaz, harrotasun handia ere zerrenda horren inguruko taldeari buruz. Guztientzat biziki kontent naiz".
Bokaleko lehen itzuliak sorpresa eragin zuen: orain arteko auzapez Francis Gonzales hirugarren kokatu zen –%23,84–, eta garaile, aldiz, EH Baiko kideak ere dituen Mathieu Hornen lista –%28,36–. Lau zerrenda aurkeztu ziren lehen itzulira eta lehia biziki estua izan zuten: 253 botok bereizten zituen garailea eta azken gelditurikoa.