Lehorteak eragindako kalteak direla eta, aste honetan ziren egitekoak duela hilabete inguru eratutako Bazka Mahaiaren bilera, nekazari eta abeltzaintzak laguntzeko helburua lukeena, baina hitzordua irailera atzeratu du Eusko Jaurlaritzak. Ez dagoela "ezinbesteko premiarik" dio Nekazaritza Sailak. UAGA, EHNE eta ENBA sindikatuek, baina, salatu dute, egoeraren "larritasuna" ikusita, orain dela unea "beharrezko neurriak" hartzeko.
Aurtengo lehortea arazoak eragiten ari da ganaduen bazkan. Nabarmen murriztu da, sindikatuek ohartarazi dutenez. Hori ikusita, orain hilabete batzuk Bazka Mahaia deiturikoa sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, nekazari eta abeltzainei laguntzeko asmotan, beharrezko produktuen erosketa eta banaketa kudeatzeko.
Abuztuaren 7an egindako bileran adostu zuten erosketa bateratua egingo zutela, eta Jaurlaritzak inkesta abiatu zuen, ustiategiek zer-nolako beharrak dituzten jakiteko, eta produktuak non erosi baloratzeko. Bada, lehen sektorean diharduten Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 435 kideren erantzunak jasota, inkesta amaitutzat eman du Jaurlaritzak. Eta honakoa da ateratako emaitza, besteren artean: ia erdiak (%43) esan du batez ere haragitarako behien bazka falta dela.
Sektorearen beharrak argituta, hortaz, Jaurlaritza kooperatibekin eta elikagaien hornitzaileekin harremanetan jartzekoa da, eskaerak betetzeko. Baina hori hurrengo bilera egindakoan izango da. Hain justu, printzipioz, aste honetan egitekoa ziren bilera, baina azkenean irailera atzeratu dute.
Beranduegi izango delakoan, kexu
UAGA, EHNE eta ENBA sindikatuak "harrituta" eta kexu agertu dira, atzerapenaren berri "prentsaren bidez" izan dutelako. "Errespetu eta ardura falta da, inork ez du ulertzen atzerapena", esan dio UAGAko ordezkari Iker Agirrek EITBri.
Haien aburuz, ganadua "lehorte historikoa" jasaten ari da, eta "beranduegi" da irailerako uztea bilera, "egoera larria" baita. Salatu dute ganaduari ez zaizkiola "axola abuztuko oporrak", eta hortaz, bilera lehenbailehen egitea eta neurriak hartzea eskatu dute.
Neurri horietako batzuk dira, adibidez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremutzat izendatzea uraren egoeraren jarraipenari erreparatzeko; erakundeen arteko mahai bat eratzea ura beharrik handiena duten lekuetara iristeko; eta aldundiekin batera animaliak elikatu ahal izateko "legezko mekanismoak" ezartzea.