Ostiral honetan hasiko da REAS Nafarroak Iruñean antolatu duen Ideariaren XVII. edizioa, Iturramako Civivoxean. Idearia Ekonomia Sozial eta Solidarioak (ESS) bi urtez behin egiten den topaketa da eta asteburu osoan egitarau oparoa izango du.
Mahai-inguru, tailer, hitzaldi eta aisialdiko jardueren bidez, aberastasunaren bidezko banaketari buruz hausnarketak egingo dituzte. Hori da Ekonomia Solidarioaren Gutunaren sei printzipioetako bat. Horretarako, ESSko ordezkariak izango dira, funtsean egunerokotasunean gaiaren inguruan ari diren hainbat aditu.
REASek azaldu duenez, Ekonomia Solidarioan aberastasuna komunitate batek epe labur, ertain eta luzean bere kideen beharrei erantzuteko duen gaitasuna baldintzatzen duten elementu material, sozial, kultural eta naturalen multzoa da: “Horrela, bidezko sorkuntza, banaketa eta kontserbazioa bizitzaren erreprodukziorako eta iraunkortasunerako beharrezko estrategia kolektibo bihurtzen da. Horrek esan nahi du diruaren erabilera eta balioa zentzuberritu behar direla oinarri komunitarioko ekonomia erreal baterako tresna izateko. Honek, gizarte ekitatibo, inklusibo eta autonomoak eraikitzeko aukera emango digu”.
Egitaraua sei ardatzen inguruan antolatu dute: bat, desazkunderako ekonomia solidarioa; bi, fiskalitatea, birbanaketa eta justizia soziala; hiru, aberastasuna eskuratzeko arrakalak: generoa, jatorria eta lurraldea; lau, kontsumo arduratsua: indibidualtasunetik kolektibora, pribilegiotik eskubidera; bost, eremu publikoaren hedatzea: politika publikoen koprodukzioa ESStik; sei, bestelako lan politika: lana demokratizatu, aberastasuna birbanatu eta bizitzak sostengatu.
Gaiok Iruñeko hainbat gunetan landuko dira, hala nola, Iturramako Civivoxean eta Alde Zaharreko Plazara! gunean, eta Geltokin, Katakraken eta Kale Nagusiko Txalapartaren egoitzan. Ostiral arratsaldean emango zaie hasiera jardunaldiei Civivox Iturraman. 17:45-18:45 artean honako elkarrizketa mahaia antolatu dute: “Zertaz ari gara aberastasunaren bidezko banaketari buruz solastatzen garenean?”.
Asteburu osoan jarraituko dute hitzaldi eta mahai-inguruek, horiei buruzko hausnarketa eztabaidek, eta izango dira ere, besteak beste, kontzertuak edota bisita gidatuak. Egitarau osoa lotura honetan kontsulta daiteke