Abanikoak eta krema usaina

Gorka Intxausti Aranguren/ARGIA CC BY-SA

2026ko uztailaren 13an - 11:12
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Bidelapurrak 
Non: Ttipia tabernan, Gasteizen.
Noiz: ekainaren 25ean.

------------------------

Iritsi da uda. Azkenean. Umeak, gurasoentzat. Zeru asko daukaten lekuetan, elaiek eta araba-zozoek neguan prestatu koreografiak iluntzero ikustea zoriontasun –edo anestesia– pilula bihurtzen da solstizioaren ostean. Gasteizko Alde Zaharrean zoriontasunak jai herrikoi eta parte-hartzaile forma hartzen du egunotan. Soinekoak eta alkandorak, abanikoak eta krema usaina. Eta zapi berdea.

Ziur nago beste auzo askotako gasteiztarrentzat guilty pleasure-a dela Zaharraz Harro, nahiz eta auzo harrotasuna tarteko, ezin esango duten. Jai bizigarriak dira, denentzat: planak batez ere egunez; aglomerazio handirik gabe; formatu txikian; lo-orduak eta bizilagunak errespetatuta eta, batez ere, auzoko dendek, tabernek, eragileek eta elkarteek auzoko jendearentzat antolatuta eta autogestioaren bidez kudeatuta.

Nola ez, zuzeneko musikak presentzia handia izaten du, eta hau irakurtzen ari zaretenotako batzuentzat mitikoa izango da Jonba-k asteazken iluntzean San Markos kantoian eskaini ohi duen kontzertua, esaterako. Gaur, ostera, muinoaren mendebaldera pasatu gara, auzoan ezagun diren beste gaizkile batzuk entzutera. Harategi kantoian, Otxanda Andrearen dorre ederra eta ilunabarra dituzte haiek aldare, eta kalea guk antzoki. Zoriontasuna bihotz pobreontzat.

Bagoaz lehengo Ameriketara. Folk doinuek eta Solozabalen ahotsak hartu dute kalea. Lehen dedikatoria ezkertiar alferrentzat, zapaltzaileak bezalakoak diren horientzat. Arrangoitzetik (Lapurdi) abiatu eta Aturri Tenneseen aurkitu zuen haren istorioa ondotik, eta emakume arrazializatu bat pasatu da kontzertu paretik buru gainean sekulako arropa pila daramala. Oraingo Europa. Ondorengoetan bi intimoago: hiretzat bat eta zuretzat bestea, Volgako urek lurrok zeharkatzean, zure azala nirean. Tartean, Aramaioko (Araba) euskara ederrean beste maitasun kanta bat, sentimentalista baten eskutik. Badoa ardoa bukatzen, pixkana-pixkana, eta sartu gara ur abisalenetan. Larrasko azken diskoko instrumental ederra atzetik, baina oraindik osteguna da eta, nola ez, it’s gonna be a long, looong weekend.

Ardoa amaitu zaigu, Zaharraz Harrok iraungo du. Ez dezagun ahaztu zer indar duten halako jai herrikoiek beste eredu batzuen aurrean. Ez dezagun ahaztu kultura sortu zen lekura bueltatzen digutela: kalera, auzora, herrira. Ez dezagun ahaztu dohainik izateak denok elkartzeko aukera eman eta funtzioa betetzen duela. Eta hori guztia lortzeko auzoak bizirik behar ditugula. Bizipozez bizi dena hiltzerik ez dago-ta. 


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...