A2 mailako matrikularen kostua berreskuratu ahal izango dute ikasleek Nafarroako euskaltegietan

  • Nafarroako Gobernua aurreko ikasturtean hasi zen “doakotasunaren bidea” urratzen, A1 mailako matrikularen kostu osoa ikasturte amaieran berreskuratzeko aukera emanda. Ikasturte honetan, A2 mailako ikasleek ere aukera bera izango dute.

'Euskera ahora' kanpainaren aurkezpena. Nafarroako Gobernua.

2026ko irailaren 4an - 10:06
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak hedabide honi duela bi urte (Pausoak pauso, oraindik hankamotz, doakotasunari buruzko erreportajea) adierazi zion helburua “erabateko doakotasunera” heltzea zela, nahiz eta zuhurtziaz esan zuen, espero zutelako ikasle gero eta gehiagok dirulaguntzak eskatzea. 2025-2026 ikasturtean eman zuten lehen urratsa: euskaltegietan, A1 mailako (mailarik xumeena) ikasleek ikasturte hasieran matrikula ordaindu zuten, betiko moduan, eta dirulaguntza eskatu zutenek, ikasturte amaieran, matrikularen kostu osoa jaso zuten. Gobernuko Euskara kontseilari Ana Ollok irailaren 3an Euskera ahora kanpaina aurkezteko egindako ekitaldian datu batzuk eman ditu: "Azken ikasturte honetako matrikula-datuek erakutsi dute euskara sustatzeko politika publikoa eraginkorra dela. Azken 2025-2026 kurtso honetan, euskara ikasteko euskaltegiren batean matrikulatu ziren helduen kopurua % 32 igo da. Eta, hasierako mailan matrikulatutakoak bakarrik hartzen baditugu, A1 doakoa bermatu zen maila, igoera %54koa izan da". Ollok bezala, Arakamak azpimarratu du dirulaguntzak emendatuz gero herritar gehiago animatzen direla euskaltegietan izena ematera.

A1 eta A2 mailetan matrikula osoa berreskuratu daiteke, eta gainerako mailetan ikasleek 475 eurorainoko dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aurrez aurreko ikastaroetarako. Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzez gain, ikasleek hainbat herritan udalek eskainitako laguntzak ere baliatzen dituzte, eta aurten ere biak bateragarriak izango dira, A1 eta A2 ez diren mailetan. Dirulaguntzak eskatzeko epea irailaren 1etik azaroaren 3ra arte egongo da zabalik. Arakamak 2024ko azaroan ARGIAri emandako elkarrizketan eskatzaileen gorakada azpimarratu zuen: "Eskatzaileen kopurua urtean %20-25 ari da igotzen. Gure helburua hirukoitza da: lehendik jasotzen ari denari gehiago ematea, ikasle izan eta orain arte eskatu ez duenak eskatzea, eta ikasle berriak matrikulatzea lortzea".


Euskara Nafarroan kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.