ARGIA.eus

2020ko ekainaren 06a

Naturgas Usurbilgo Udalaren baimenik gabe ari da urratzen erraustegirako gas bidea

  • Uztailaren 3ko goizean Zubieta eta Usurbil arteko bidea itxi zien Naturgasek, ez bi udal erakunde horiei ez herritarrei inolako jakinarazpenik igorri gabe. Usurbilgo Udaleko Gobernu Batzordeak baimena ukatua dio Naturgasi, "zerbitzu publikoei eta herritarrei pasabidea bermatzeko plana" aurkezteko eskatuz.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2017ko uztailaren 04a

Zubietako Herri Batzarraren eta Usurbilgo udalaren eta izenean, bi alkateek, Joxemari Zubimendi eta Xabier Arregi hurrenez hurren, adierazpena irakurri dute, herritarrez inguratuta. Bertan salatu dute erraustegirako, espetxerako eta Eskuzaitzetako industriagunerako gasa sartzeko lanetarako Usurbil eta Zubieta arteko errepidea itxi dutela, ustez bi hilabeterako, eta horren berri ez dietela bi udalei eman. Herritarrek ere ez dutela informaziorik jaso salatu dute eta horrek kalte handia eragin duela euren eguneroko bizimoduan: hainbat zerbitzu bermatzeko (hondakin-bilketa, garraioa, posta...) zailtasuna eragin diela, ohiko bidea itxi dietela eta ez dagoela "inolako planifikaziorik" larrialdiren bat gertatuz gero.

Donostiako Udalaren "nagusikeria" salatu dute

Idatzian azaldu dute Donostiako Udalak "nonbait" baimena eman duela baina Zubieta eta Usurbilgo herritarrak eta udalak kontuan hartu gabe: "Nabarmen utzi du berriz ere begirunea galdua digula zubietarroi eta usurbildarroi. Nagusikeriaz jokatu du ostera ere". Obraren eremuak bi udalerri ukitzen dituela oroitarazi dute: Donostia eta Usurbil.

Usurbilgo Udalak baimena ukatu dio Naturgasi pasabidea bermatzeko plana aurkeztu ezean

Urtarrilaren 31n, "udal teknikarien txostenetan oinarrituta", Usurbilgo Udaleko Gobernu Batzordeak baimena ukatu zion Naturgas Energia Distribución SAU enpresari eta eskatu zion aurkez zezala "zerbitzu publikoak eta herritarrentzako pasabidea bermatzen duen plana". Plan hori ez duela oraindik aurkeztu adierazi du Arregi alkateak. Zerbitzuak bermatzeko plan hori jaso eta "jarri beharreko baldintza eta neurri zuzentzaileak hiru erakundeen artean adostu arte" obrak hasteko baimenik ez emateko eskatu diote Donostiako Udalari, Zubieta eta Usurbilgo udalek. Donostiakoak ez duela erantzun adierazi dute.

Obra geldiarazteko eskatu dute

Zubietako Herri Batzarrak eta Usurbilgo Udalak obra geldiaraztea eskatu dute, "hiru erakundeen arteko irtenbide egokia adostu, eta guztiaren berri herritarrei jakinarazi arte".

Jarraian, Usurbilgo alkate Xabier Arregik salatu du bezperan herritarrek Donostiako udaltzain eta ertzainengandik jaso zuten tratua, herritarrak obretara baimenez galdezka jo zutenean:

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Gipuzkoako erraustegia kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude