Ia 9.600 gorroto mezu zabaldu dituzte sareetan uztaileko azken bi egunetan, Marokotik Espainiara milaka migratzaile iritsi zirenean

  • Arrazismoaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokiaren arabera, Ceutako (Espainia) migratzaileen krisiarengatik areagotu dira mezuak. Gehienak X sarean zabaldu dituzte, eta, indarkeriazko hizkuntza erabilita, migratzaileen aurkako indarkeria fisikoa eta haien kanporatzea eskatu dituzte. Analizatutako mezuen erdia baino gehiago Afrika iparraldeko jatorriko pertsonen aurkakoak dira; musulmanen aurkakoak ere asko dira. 


2026ko abuztuaren 25ean - 11:32
Azken eguneraketa: 16:26
Migratzaileen aurkako mezu arrazistak areagotu egin direla frogatu dute. Efe
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Klik eta klik; gorroto mezuak zabaldu sareetan eta are eta gehiago elikatu ultraeskuina. Orain aste batzuk Ceutako Elin elkarteak ARGIAri aitortu zion kezkagarria zitzaiela eskuin muturraren jarrera egoeraren aurrean. Bada, frogatu da. Arrazismoaren eta Xenofobiaren Espainiako Behatokiaren arabera, uztailaren 30 eta 31 bitartean, 9.590 mezu diskriminatzaile zabaldu ziren Facebook, Instagram, X, TikTok eta Youtube sareetan. Hil horretan guztira 57.406 gorroto eduki zabaldu ziren, ekainean baino 17.000 gehiago. Uztaila amaieran areagotu izana ez da kasualitatea, egun horietan gurutzatu baitzuten 72.000 migratzailek Maroko eta Ceutaren (Espainia) arteko muga.

Ikertutako gorroto mezuen %68 Afrika iparraldeko pertsonen aurkakoak dira; baina behatokiak argitu du gorroto mezuen kopuru handi bat pertsona horien aurkakoa izan ohi dela beti. Beste %19 migratzaileen aurkakoak dira, oro har, eta %16, berriz, zehazki, musulmanen aurkakoak, aurreko hilean baino bost puntu gehiago. Alabaina, Afrikatik eta Hego Ameriketatik etorritako pertsonen aurkako mezuak ere topatu dituzte. 

Behatokiaren txostenak jasotakoa ikusita, gorroto mezuen %40k "larriki gutxiesten" ditu aipatutako kolektiboak; hau da, hamarretik lau mezuk. Beste hainbestek mehatxu gisa izendatzen ditu. Migratzaileen aurkako hitzezko indarkeria ez ezik, haien aurkako indarkeria fisikoaren sustatzea ere antzeman dute mezuetan. %15 migratzaileak Espainiatik kanporatzea aldarrikatzeko mezuak dira, eta beste batzuek, hein txiki batean bada ere, haien aurkako indarkeria goraipatzen dute.

Gorrotozko mezuak zabaldu dituztenen erdiak baino gehiagok indarkeriazko mintzaira erabili dute, adibidez, irainekin eta mehatxuekin; beste herenak, berriz, ironia eta sarkasmoarekin. Aipatzekoa da ere hein handi batek irudiak eta bideoak txertatu zituela mezuetan, zabaltzeko errazagoak bihurtuta. 

X sare soziala

Behin baino gehiagotan esana da X sarearen edukia polarizatuta dagoela eta azkar zabaltzen direla gorrotozko mezuak, bada, kasu honetan ikusi besterik ez dago: uztail amaierako mezuen %93 X-n zabaldu ziren. Gero, TikToken zabaldu ziren mezu arrazista gehien (%88), baina Facebooken ere izan zuten presentzia handia, (%74), baita Instagramen ere (%71). Nolanahi ere, Behatokiak azaldu du hobetu egin dela gorrotozko mezuak ezabatzeko sistema eta beste hiletan baino gehiago borratu direla. 

Segurtasun falta eta migrazioa

Mezuak bildu eta analizatu ostean, ondorioztatu dute mezuak idaztera bultzatzeko arrazoi nagusiena migrazioaren eta segurtasun faltaren ustezko lotura dela. Ultraeskuinaren diskurtsoari jarraituta, migrazioa delinkuentziaren kausatzat dute mezuen egileek, nahiz eta frogatua dagoen ez dagoela lotura zuzenik. Bestalde, uztailean egin zen Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketaren harira ere areagotu ziren horrelako mezuak. 

Adin txikiko migratzaileekiko kezka

Hilabete egingo du Ceutako migratzaileen krisia gertatu zenetik. Adin nagusiko ia denak Marokora itzularazi ditu Espainiak, baina oraindik jomugan dago hiria, 2.900 adin txikiko migratzaile baitaude, horietako asko kalean bizitzen. Asteartean, abuztuak 25, egin du bilera Espainiako Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak adin txikikoen muturreko egoerarekin zer egin erabakitzeko. PPk, Voxek eta Juntsek gobernatzen duten autonomia erkidego batzuk esana dute ez dituztela adin txikikoak hartuko, eta Ceutara aurrekontua bideratzearen aurka azaldu dira.

Bien bitartean, Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek 45.000 txerto bidaliko dituzte Ceutara: hirukoitz birikoaren 15.000 dosi, eta difteria-tetanos, barizela zein polioaren aurkako 30.000. Albiste nagusiarekin lotuta, sareetan zabaldu da migratzaileek "ekarri" dituztela gaixotasunak. Kontuan hartzekoa da, baina, kale egoeran dihardutela abuztu hasieratik, horrek suposatzen duen osasun egoera zaurgarrian. 


Eraso arrazista kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...