867.000 euroko santzioa jarri die 31 garraio enpresari Lehiaren Euskal Agentziak (LEA) 2023-2024 ikasturte hasieran Lakuako Gobernuak agindutako zerbitzuei “boikota” egotzita.
2023-2024 ikasturte hasieran zenbait eskola publiko garraio zerbitzurik gabe gelditu ziren hainbat garraio enpresak egindako “boikotaren” aurrean. 2023an espedientea ireki zitzaien 76 garraio enpresari eta LEAk berriki 31ri isuna jarri die. Hezkuntza Sailak hartutako erabakiaren kontra egiteagatik orotara 867.000 euro ordaindu beharko dituzte eta enpresa bakoitzaren zigorrak 1.500 eta 178.447 euro artekokoak izango dira, Naizek jaso duenez. Ikerketan 28 enpresa izan dira zigorretik salbuetsita gelditu direnak.
Guillermo Aranzabe eta Zorione Garitano instruktoreek ikertu dutenez, 2019-2020 ikasturteaz geroztik sare publikoan eskaintzen diren garraio zerbitzuak “aukeraketa zuzenaren” bidez egin dira eta garraio enpresa aukeratzeko egiten diren lehiaketak zentzurik gabeko ordainsarien truke eskaini dira, El Diariok jaso duenez.
Orotara, 19 zentrotarako eta 18.719 ikasleri zerbitzua eskaintzera iritsi behar dira. 2023an Eusko Jaurlaritzak burututako lehiaketan egondako parte hartze baxuaren eraginez, ez ziren iritsi: Araban zortzi enpresa aurkeztu ziren eta ez ziren ibilbideen %10 osatzera iristen; Bizkaian, berriz, ez ziren eskaintza onargarriak jaso; eta Gipuzkoan parte hartze handiagoa egon zen eta garraio eskaeren %38 betetzera iristen ziren.
Zerbitzuak bermatze aldera, Jokin Bildarraitz Hezkuntza Saileko kontseilariak 2022-2023 ikasturtean zeuden garraio enpresa berei ezarri zien 2023-2024 ikasturtean zerbitzua betetzeko zeregina. Ikasturte hasieran, hauek izan ziren “boikota” egin eta 7.400 ikasle zerbitzu gabe utzi zituztenak. Nagusiki landa eremuetako ikasleak izan ziren kaltetuenak eta egoera kudeatze aldera Eusko Jaurlaritzak kilometroko 0,29 euro eman zizkien garraiorik gabe gelditu ziren familiei.
Normaltasuna irailaren 18an eskuratu zen, LEAk adierazi duenez, Hezkuntza Sailari Administrazioko “zerbitzuen maileguak aldatzera behartu” zitzaionean, eta 2024-2025 urterako %6ko igoera lortu zenean.