LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek 2025eko Euskal Herriko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute. Administrazioek eta patronalak lan istripuak eta gaixotasunak ezkutatzen dituztela salatu dute, eta zigorgabetasuna amaitzea exijitu.
Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen onarpenetik 30urte bete diren egunean egin dute txostenaren aurkezpen bateratua sindikatuek, astearte goizean, Bilbon. Datu lazgarriak eman dituzte.
Txostenaren arabera, 2025ean 84 langile hil ziren lan istripuan Euskal Herrian, azken hamar urteetako kopururik altuena. Azken hamarkadan 696 dira hildako langileak. Heriotzen zergatiei dagokionez, nabarmendu dute 25 heriotza ez traumatikoak izan direla, eta hamazazpi kolpe edo harrapaketen ondorio. Hildako langileetatik 22 garraiolariak ziren, hamasei industriako langileak, hamabi eraikuntzakoak eta hiru basoan ari ziren lanean.
Eraikuntzan, garraioan edo basogintzan arituta hiltzea “errazagoa” da, sindikatuen esanetan; beste batzuetan, aldiz, gaixotasunak garatzea, nagusiki psikosozialak. “Beraz, lan batzuek hil egiten dute, eta beste batzuek ez dute bizitzen uzten”, salatu dute.
Istripu, gaixotasun eta heriotza ezkutuak
Sindikatuek kritikatu dute erakundeek ez dituztela aitortzen lan istripuak behar bezala. Esaterako, 2025ean Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan sindikatuek 50 heriotza erregistratu dituzte, eta Jaurlaritzak 30. “Garraiolarien heriotzak, obra zibilekoak, heriotza ez-traumatikoak edo in itinere edo in mision gertatutako hainbat ez dira kontuan hartzen”. Ukazio horren adibide muturreko gisa nabarmendu dute 2025eko martxoaren 5eko istripuarekin gertatua: “Lau pertsona hil ziren Fiteron, bi kamioik aurrez aurre talka eginda. Bi senar-emaztek gidatzen zituzten kamioiok. Lau pertsonek garraiolari txartela zuten, ibilbide luzeak egiten zituzten eta kamioietan bizi ziren”.
Enpresek eta mutualitateek 95.000 lan istripu baino gehiago deklaratu dituzte 2025ean, “zifra oso altua” sindikatuen esanetan, baina oraindik ere asko ez direla aitortzen salatu dute. “Patronalak eta eskuinak etengabe erabiltzen duten absentismoaren arazoa ke lainoa baino ez da, eta arazo nagusia laneko arriskuak eta prebentzio falta dira”.
Gaixotasun profesionalei dagokionez, onartu dute “gero eta gehiago” deklaratzen direla, baina istipuekin gertatzen den moduan egiazko datuak askoz altuagoak direla ohartarazi dute. “Horren erakusle laneko minbizien aitorpen txikia salatu behar da: 34 Euskal Autonomia Erkidegoan eta lau Nafarroan. OMEk berak adierazia du laneko gaixotasunagatiko heriotza faktore nagusia dela; jakina, falta diren guztiak gaixotasun arrunt gisa sailkatuta daude”.
Lege urraketak eta zigorgabetasuna
“Gaurko egunez betetzen dira 30 urte Lan Arriskuen Prebentziorako Legea indarrean sartu zenetik. 30 urte dira, beraz, patronalak zigorgabetasun osoz araudi hori betetzen ez duela, eta 30 urte gobernuek betearazten ez dutela”, salatu dute agerraldian.
Sindikatuek iragarri dute jarraituko dutela mutualitateen publifikazioa edo lan ikuskatzaileen kopurua handitzea aldarrikatzen, eta erakundeei exijitzen enpresarien lege urraketak zigortu ditzaten.