80 urte geroago, KMT Beijingen eta Japonia zerumugan


2026ko apirilaren 7an - 08:38
Igandera bitartean Txina kontinentalean izango da Cheng Li-wun andrea, Taiwango KMT-Kuomintang oposizioko alderdi nagusiaren buruzagia. Kuan Hsieh
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Polo ahaltsuenen arteko tenkada biderkatu ahala, gero eta gardenagoak dira polarizazioaren ondorioak Asia Ekialdeko joko estrategikoen protagonista apalagoentzat. Eremu magnetikoen errepika politikoa dela esan dezakegu.

Azken adibidea: gaurtik igandera bitartean Txina kontinentalean izango da Cheng Li-wun andrea, Taiwango KMT-Kuomintang, oposizioko alderdi nagusiaren buruzagia pasa den azaroaz geroztik.  Bisitaldia Txinako Alderdi Komunistaren Komite Zentralaren eta Xi Jinping, haren idazkari orokorraren, gonbitaz egiten dela kontuan izanda, ziurtzat jotzen da Xi-Chen aurrez aurrekoa.

Argazki eta adierazpenez harago zerbait erdietsiko balitz, ez da horren agerikoa izango. Baina nabaria da txangoaren mami sinbolikoa. Hamarkadan parekorik gabea dela diote amatatzaileek; urrutixeago begiratu behar lukete, agian: formalki, duela 80 urte Chiang Kai-shek eta Mao Zedongek, “Bi Hamarreko Akordioa” adosteko Chongqingen egin zuten bilkura luze hartara jo beharko genuke aurrekari bila.

Edukia, noski, oso bestelakoa da orain, testuingurua eta indar-harremana bezala. Baina apustu baietz ordukoa gogoan izango dutela biek ala biek. Besteak beste, orduko beste bi protagonistak –Estatu Batu garaileak eta Japonia menderatua– tartean direlako orain ere, paperak mudatuta.

Antagonista historikoen arteko hurbilketa-irudiak oso kostu/mozkin desberdina du alde bakoitzarentzat. Cheng andreak arrisku politiko galanta beretzen du, Taiwanen agintea duen DPParen (eta harekin, AEBko “arrano” ugarien) arbuio zuzenaz gain, bere alderdiko korronte minoritario baina ez hutsalaren kontrakotasuna duelako. Hala ere, badirudi Cheng fio dela demoskopiak Taiwango gizartean egungo status quoaren alde (eta, bidenabar, independentzia-asmoetatik urruntze aldera) kausitzen duen joeraz.

Beijingen, aitzitik, “Wang Huning estrategia” (Wang baita, Xi baino askoz zuzenago, atal hori kudeatzen ari dena, aspalditik) deituko genukeenaren lorpentzat hartuko da bisitaldia, ziur. Presio militarra eta erakarmen politikoa uztartu, iraupen luzeko eginahalan, hoberena (bakez lortzea) bilatuz eta okerrenerako (gatazka militarrerako) prest egonez. Baina lehentasuna, beti, politikak duela, eta armen indarra haren lagungarri dela. Ez da horren ulergaitza.

Baina ederki kostatzen zaie batzuei hori ulertzea gure Mendebalde honetan, Hala, Chengen bisitaldiaren interpretazio gehienek azpimarratzen dute AEBk Taiwani esleitu nahi dizkion –eta Taipein, oposizioak blokeatzen duen– armen salmenta. Eta ez da aipatu ere egiten ziurki une honetan Beijingen (eta eskualdeko beste herrialde gehienetan, bakoitzak bererako) buruhauste estrategiko nagusia dena: Takaichiren Japoniaren berrarmatzea.

Taiwan, albo-protagonista dela. Politikoki nahiz militarki. Duela ia ehun urte bezalatsu.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.