Aurkezpenei dagokionez, Auzolanaren lurretan, EHZ 1996-2026 (Elkar); Leila Slimaniren Kantu Leuna (Alberdania); Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian (ARGIA); Odol guztiak burdin gustua du komikia (Harriet), Lera (1545) eta Zaldi Bat (Txalaparta) liburuei bideratuko zaie momentua. Kontzertuak ere izanen dira: Pantxix eta Marie; Indigo; Maite Larburu; Xabier Badiola eta, bukatzeko, Oiherri sarearekin elkarlanean, Jurgi Ekiza. Hauxe da egitaraua.
Euskara hutsezko sorkuntzak zazpigarren aldiz beteko du Ziburuko (Lapurdi) plaza, Liburu eta Disko Azokaren kari. Antolatzaileak prest dira, eta argitaletxe zein diskoetxeak ere badabiltza egunerako azken antolaketan. Guztiak gogotsu. Arduren zama hor izanda ere, bisitariek bezainbat gozatzen dutelako lanean dabiltzanek ere. Behintzat hori da urtero balorapenetatik jasotzen den ondorioa... Printzipioz eguraldia lagun izanda, beste behin doinu goxoz, umorez, sortzaileen gogoetez eta bertsoz beteta iraganen da eguna.
Ohiko liburu eta disko aurkezpenez gain –ikusi hemen egitaraua osorik–, Eider Eibar eta Dom Campistron marrazkilariak ariko dira Zirriborroka deituriko sorkuntzan Aitor Servier eta Elixabet Etxandi bertsolariekin batera –hitzordua: 12:30tan– eta Pantzo Irigarai baigorriarraren umore saioa ere entzungai izanen da –15:30etan–. Haurrentzako hitzordua jarrita dute 11:00etan plazaren saihetsean den iturri zaharrean, herriko eskoletako haurren kantaldia entzuteko, eta haur zein helduentzako rol jokoak ere izanen dira, Rolariak elkartearen eskutik.
Eta hori guztia euskara hutsean, eguneroko ogi dugun diglosiatik urrun. Aurtengo leloak dioen gisara Euskaraz baikara. Ondokoa irakurri daiteke antolatzaileek landutako idatzian: "Euskarazko hitzak askatzen, esaldietan dantza arazten, olerki eta bertsotan loratzen, film eta antzerkietan irudiztatzen, ipuin, nobela eta gogoetetan besarkatzen, edota kantuetan xaramelatzen ditugunean; euskaraz hitz egin eta sortzen, irakurtzen eta entzuten, zabaltzen eta berri ematen dugularik, gure territorio libre bakarra libreago egiten baitugu, eta gure herria biziago, zerbait eta norbait baikara".
10:00etan irekiko ditu azokak ateak, ea Beñat Oiharzabal hizkuntzalariari egindako omenaldiarekin emanen diote hasiera azoka bat baino anitzez gehiago den egunari.
Baltsan elkartearekin batera antolatzaile den ARGIAk ere bere sorkuntzak azokari begira bideratu ditu, eta ilusio handiz aurkeztuko du lehen aldiz Markel Arriolabengoa, Jakoba Errekondo, Iñaki Etxebeste eta Dani Blancoren (argazkiak) Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburu eder-ederra. 16:00etan jarria dute hitzordua, baina jakin egun osoan egonen direla idazleak karparen azpian, bisitariekin trukatzeko gogoz.
Horrez gain, ondoko liburu berriak ere izanen ditu ARGIAk bere mahaian –sortzaileak ere bertan egonda–. Batetik, Asier Basurtoren Turismoa. Desazkundera bidaia. Herritarren bizitzako aspektu guztietan eragiten duen turismo ereduaren inguruko gogoeta eta analisia egiteaz gain, alternatibak proposatzen dituen liburua da. Bestetik, taldean ondutako Ategorrietan Fisterra komikia. 1931n Ategorrietan (Donostia) Guardia Zibilak manifestazio batean parte hartzen ari ziren zazpi langile hil zituen eta sarraski horren historia dakarkigu liburu honek. Eta, azkenik, Nagore Irazustabarrenaren Oker habil Makiavelo liburua, Xabier Sagastaren ilustrazioz ere jositakoa. 20 urte dira Nagore Irazustabarrenak Denboraren Makina atala abiatu zuela historiaz eta istorio harrigarriez hitz egiteko, eta atal horretako artikuluen bilduma da liburua.