7.200 alegazio aurkeztu dituzte Solariaren makroproiektu berrien aurka lurraldearen defentsarako plataformek

  • Arabako herri-mugimenduak landa-eremuaren industrializazioari dion gaitzespen historikoa berretsi du eta herritarrak maiatzaren 23an Gasteizen egingo den mobilizazio orokorrera deitu ditu. 

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko martxoaren 27an - 07:00
Hala Bedi
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lurraldearen defentsarako hainbat plataformak eta nekazaritza-sindikatuk agerraldia egin dute gaur 7.200 alegazio berri aurkezteko. Azken bi hilabeteetako herri-mobilizazioaren emaitza da hau, Solaria multinazionalak 19 makrozentral fotovoltaiko berri ezartzeko egindako eskaerari erantzuteko.

Gaitzespen administratibo hau bi jardunbide-ardatzetan banatzen da: egungo proiektuei emandako berehalako erantzun teknikoa eta espekulatibotzat jotzen den garapen-ereduaren salaketa soziala.

Erantzun masiboa eta iraunkorra

7.200 alegazio hauek aurkeztea mugarri berri bat da Arabako lurraren defentsan, eta aurretik beste makroproiektu batzuen aurka (zentral eolikoak eta fotovoltaikoak, AHT edo Energia Berriztagarrien LPSa) aurkeztutako 58.000 alegazio baino gehiagori gehitzen zaizkie.

Talde bultzatzaileek salatu dute egungo 19 proiektuek legez kanpoko zatikatzea dutela, 50 MWtik beherako instalazio gisa aurkezten baitira modu artifizialean, estatuaren eskumena saihesteko eta ingurumen-eskakizunak murrizteko. Gainera, azpiegitura horiek eta Zierbenara (Bizkaia) proiektatutako ebakuazio-lineek biodibertsitatean, osasunean eta lehen sektorearen bideragarritasunean izango luketen eragin itzulezina azpimarratu dute.

Egungo ereduaren salaketa eta mobilizazio deialdia

Alegazio teknikoez haratago, herri-mugimenduak landa-eremuetan industria-azpiegiturak masiboki ezartzeko egungo ereduaren aurkako gaitzespena adierazi nahi izan du. Agiri bateratuaren arabera, makrozentralen, datu-zentroen eta plataforma logistikoen hedapen hau irabazi pribatuetara eta espekulaziora bideratuta dago, eta ez benetako deskarbonizazio batera.

Ildo horretan, nabarmendu dute egungo borroka etorkizuneko belaunaldiekin hartutako konpromisoa dela, landa-eremua “industrialde” bihurtzeko mehatxuaren aurrean lurralde bizigarri bat uzteko.

Protesta-prozesu honen amaiera gisa, lurraren defentsarako plataformek eta taldeek maiatzaren 23an egingo den manifestazio jendetsuan parte hartzeko dei orokorra egin diete herritarrei. Martxa 18:00etan abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik, “MAKROPROIEKTURIK EZ” lelopean, Arabako bizimodua eta natur ondarea mehatxatzen dituzten makroproiektu guztien aurrean lurra defendatzeko helburuarekin.

Babes zabala lurralde osoan

Gaurko ekitaldiak eta maiatzeko deialdiak Arabako lurralde osoa hartzen duten hogeita hamar bat talde, nekazaritza-sindikatu eta auzo-plataformaren babesa dute.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.