Ertzaintzak erositako 6.873 foam bala akasdunak ziren

  • 2022tik 2023ra 6.873 foam bala itzuli zituen Ertzaintzak akatsa zutela identifikatuta. 2020az geroztik 1,8 milioi euroren truke erositako 10.107 balen %17,45 itzuli zituzten Ertzaintzaren polizia-etxeetatik.


2026ko otsailaren 19an - 16:24
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ertzaintzak Brügger & Thomet enpresa Suitzarrari erositako 6.873 foam bala itzuli behar izan zituen Arkautira 2022ko urritik 2023ko urrira. 2020az geroztik 39.380 foam bala erosi zituen, 1,8 milioi euroren truke, eta horietatik %17,45 akasdunak ziren. Guztira 4.267 SIR bala eta SIR X 2.606 bala itzuli ziren Ertzaintzaren polizia-etxeetatik, baina brigada mugikorrak ez zuen bat bera ere itzuli.

Informazio hori guztia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko kontseilariak eman zuen Eusko Legebiltzarrean urtarrilean egindako galderari erantzunez. Brigada Mugikorrak balarik ez itzultzea deigarria egin zitzaien EH Bilduko parlamentariei eta Segurtasun Sailera horren inguruko galdera luzatu zuen talde horretako Gorka Ortiz de Ginea parlamentariak.

Naiz-ek jaso duenez, galdera berriari erantzunez Segurtasun Sailak emandako azalpenen arabera, Brigada Mugikorrak bidali zuen informazio hori, baina datuen transkripzioan akats bat izan zen, eta horregatik ez zen azaldu balen itzuleraren erreferentziarik bere lehen erantzunean. Erantzun berriaren arabera, “2002ko azaroaren 17an Brigada Mugikorrak 1.202 bala SIR eta 2.032 bala SIR X itzuli zituen”.

Gara-k bere garaian argitaratutako Tecnaliaren txosten baten arabera, SIR X balek 40 metro baino gutxiagora jaurtitzean garezurreko haustura eragiteko %50eko aukera dute, eta Ertzaintzaren lurralde-buruzagitzaren baimena behar da erabili ahal izateko. SIR balek, berriz, 15 metrotara jaurtitzerakoan eragin dezake haustura hori, eta ertzainek uneko buruzagiaren aginduz jaurti dezakete. Bi kasuetan baimena soilik gerritik behera jaurtitzeko ematen da, nahiz eta gertakari batzuetan ikusi denez, lepoan, masailezurrean eta buruan balaz zauritutako kasuak ere egon diren.


Ertzaintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...