60 urtetik gorakoen ongizatea sustatzen ari dira Altsasu Ehuntzen egitasmoaren bidez

  • Hiru ardatz ditu proiektuak: jarduera fisikoa, belaunaldi arteko harremanak eta kulturarteko kohesioa. Oihane Armendariz, Fatima Benddine eta Amelia Lapuente proiektuko kideekin izan da ARGIA.

Altsasu Ehuntzen

2026ko uztailaren 10ean - 07:00
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Komunitatea indartzea, harremanak sustatzea eta Altsasun bizi diren 60 urtetik gorako pertsonen ongizatea sustatzea ditu helburu Altsasu Ehuntzen egitasmoak. Martxoan aurkeztu zuten, baina hazia 2024an erein zuten. Altsasuko osasun etxetik prozesu komunitario bat egiteko beharra ikusi zuten, eta bertan aritu dira osasun etxeko langileak, gizarte zerbitzuak, herrian erreferenteak diren pertsonak eta beste. Oihane Armendarizek, Fatima Benddinek eta Amelia Lapuentek proiektuan parte hartzen dute. 30, 66 eta 60 urte dituzte, hurrenez hurren.  “Ez dugu ulertzen ongizatea kontu fisiko bat bezala soilik. Uste dugu zabalagoa dela, eta komunitatean landu behar dela”, esan dute.

Momentuz jarduera gutxi egin dituzte, hasi berri direlako. Alabaina, asmoa da irailetik aitzina jarduera gehiago egitea. Jarduera fisikoa sustatzeari dagokionez, astelehenero 10etan osasun etxetik ateratzen diren ibilaldiak egiten dituzte. Parte-hartzaileen beharretara egokitzen dira, eta momentuz “arrakasta handia” izan dute. Udan ere egiten jarraitzeko asmoa dute.

"Elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko nahitaezkoa da horrelako espazioak sortzea. Horrek aberastasuna sortzen du"

Belaunaldi arteko harremanak sustatzeko jarduera bakarra egin dute momentuz: partxis txapelketa. DBHko ikasle batzuek ibilaldi batean ere parte hartu zuten, modu horretan jorratu nahi dituzten ardatzetako bi uztartuta. Asmoa da irailari begira ikasle gehiagok parte hartzea.

Armendariz eta Lapuente sortzez Sakanakoak dira eta Benddine berriz, Bouarfa herrikoa (Maroko) da. Azaldu dutenez, Altsasuko eskolan  23 nazionalitatetako ikasleak daude, eta ez dituzte kultura guztiak ezagutzen. Horregatik, kulturak ezagutzeko hitzaldiak egiten ari dira. Benddinek, esate baterako, bere herriaren inguruko aurkezpen bat egin du kontatuz nolakoa den bere jaioterria, nola bizi diren han eta beste.

8.000 biztanle inguru ditu Altsasuk, eta uste dute horrelako proiektu bat elkar ezagutzeko “aukera bat” dela: “Elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko nahitaezkoa da horrelako espazioak sortzea. Horrek aberastasuna sortzen du”. Azpimarratu dute herri txikietan elkar zaintza “oso garrantzitsua” dela ongizatea sustatzeko eta komunitatea indartzeko: “Herri txikiak oso zaintzaileak dira, eta garrantzitsua da aitortza egitea. Askotan baliabide formal faltak baliabide informalak sortzea dakar”.


Zahartzaroa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...