Nafarroako Probintzia Auzitegiak kasua artxibatu ostean, UPN buru den udalaren instrukzio batek zigorra betearazteko eskatu izana salatu du EH Bilduk. Bestalde, manifestazioa eginen dute Lizarran uztailaren 31n, UPNk 2024tik txosnak baztertzen dituela salatzeko.
Lizarrako Udalak (Nafarroa) 5.000 euroko zigorra ezarri dio 2023ko jaietako txupinazoan udaletxeko balkoian ikurrina erakutsi zuen EH Bilduko zinegotziari. UPNkoa da alkatetza, eta Lizarrako EH Bilduk eman du jakitera albistea. Salatu du Nafarroako Probintzia Auzitegiak 2025eko martxoan kasua artxibatu zuela. UPNko udalaren instrukzio batek, ordea, zigorra betearazteko eskatu du orain.
EH Bilduk zinegotziari babesa adierazi dio, eta zigorra “bidegabea eta neurrigabea” dela erran du ohar bidez. Koalizioaren ustez, behin bide judiziala amaituta, zigor administratiboa ezarri izanak UPNren egungo gobernu taldeak zigor ahalmena “gehiegikeriaz” erabiltzen duela erakusten du, eta, alderdiaren arabera, UPNren “izaera autoritarioa erretratatzen” du.
EH Bilduk Lizarrako aniztasuna nabarmendu du, eta “aniztasun hau eta berau ordezkatzen duten sinboloak adierazteko eskubidea” aldarrikatu du, “errepresaliei eta neurri zigortzaileei aurre egin behar izan gabe”.
EHBilduk gogorarazi du ez dela "gertaera isolatua", baizik eta "legegintzaldi osoan elkarrizketarik eza eta akordioetara iristeko ezintasuna ezaugarri izan dituen gobernatzeko modu baten parte". Gobernu taldeak eta alkateak “desadostasunei eta herritarren mobilizazioei salaketa eta zigorren bidez behin eta berriz erantzun” dietela gogorarazi du.
Hain zuzen, 2024ko jaietan Lizarrako Udalak, UPN eta PPren eskutik, debekatu egin zuen txosnak autobus geltokiaren aitzineko ohiko lekuan paratzea, eta Ega ibaiaren ondoko Los Llanos parkera lekualdatzea agindu zuen. Erabakia gaitzesteko protesta ugari egin zituzten herritarrek, eta ekintza horietan parte hartu zuten 27 gaztek epailearen aitzinean deklaratu behar izan zuten iazko maiatzean.
Uztailaren 31n hiru urte beteko dira UPNk txosnak baztertzea erabaki zuenetik, eta hori salatzeko manifestazioa deitu dute Lizarrako jaien lehendabiziko egunerako. Autobus geltokiko plazatatik abiatuko da, uztailaren 31n, 18:00etan.