44 urteko garraiolari bat hil da Murchanten, bi kamioiren arteko istripuan

  • Ezbeharra AP-68an gertatu da: kamioietako bat bidetik atera da eta kontrako norabidean sartu da, bertze kamioia joz. 41 urteko bertze garraiolariak zauri arinak ditu. Asteartean lan istripuz hil den bigarren langilea izan da.


2026ko ekainaren 17an - 09:46
Istripua izan duen kamioietako bat. Nafarroako Suhiltzaileak
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

44 urteko kamioilari bat hil da astearte arratsaldean Murchanten (Nafarroa), bi kamioiren arteko istripuan. Lan istripua AP-68 autobidean gertatu da, 217. kilometroan. Zaragozarako noranzkoan zihoan kamioia, atun kontserbak zeramatzana, bidetik atera da, eta Logroñoranzko norabidean sartu da. Paretik zetorren bertze kamioia aurrez aurre jo du.  Kamioi horrek Tesla markako autoak zeramatzan, eta Bilborako noranzkoan zihoan.

19:23ean jaso dute larrialdi zerbitzuek istripuaren berri. Tuterako eta Azkoiengo suhiltzaileak, lau anbulantzia eta medikuak, eta foruzainak eta guardia zibilak joan dira istripuaren tokira, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Ezin izan dute, ordea, deus egin hildakoaren bizia salbatzeko, eta 44 urteko gizonezkoa tokian bertan hil da. 

Istripuaren ondorioz, bertze kamioiak zeramatzan auto batzuk erori dira, eta 41 urteko kamioilariak zauri arinak ditu. Anbulantzian eraman dute Tuterako ospitalera.

Hildakoaren gorpuari autopsia eginen diote Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutuan. Foruzaingoak ikerketa abiatu du, istripuaren arrazoiak argitzeko. 

35 hildako 2026an

Astearte honetan Euskal Herrian hildako bigarren langilea da, Donostiako metroa eraikitzeko lanetan zebilen langile bat hil baita astearte goizean. 

LAB sindikatuak egiten duen zenbaketaren arabera, Murchantekoa urtean lanean hiltzen den 35. langilea da. Ipar Euskal Herrian bi dira zendutako langileak, Hego Euskal herrian 31, eta Euskal Herritik kanpo bertze bi.


Garraioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...