“42 hotel auzoan? Neurrigabea da, astakeria”

  • Gasteizko Udalak iragarri du Alde Zaharreko Birgaitze Integratuko Plan Berezi (BIPB) berria onartuko duela. PSE-EAJ gobernuak PPrekin egin du akordioa, popularrek proiektuari aurkeztutako hamalau emendakinak onartu ostean. Besteak beste, auzoan 35 hotel berri eraikitzeko aukera ematen du plan estrategiko berriak. Manu Arakama Alde Zaharreko auzo elkarteko presidentearekin hitz egin dugu, elkartearen balorazioa jasotzeko.

Assar CC BY 4.0

2026ko irailaren 28an - 07:07
Azken eguneraketa: 09:49
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ondokoak dira irailaren 16an ezagutarazi duten BIPB berriaren neurri nagusietako batzuk: auzoan 35 hotel berri irekitzeko aukera (gaur egun zazpi daude); intsonorizatu edo irisgarritasuna bermatu ezin duten tabernei lekuz aldatzeko aukera ematea; lehen solairuetako etxebizitzak pisu turistiko bihurtzeko baimena; edo etxabeetan “etxebizitza-tailerrak edo ekoizpen-etxebizitzak” egiteko aukera, bizitokia eta jarduera ekonomikoa uztartuta.

Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitzako zinegotzi Borja Rodríguezek eta udaleko PPko bozeramaile Iñaki García Calvok aurkeztu zuten plana, bere bertuteak goratuta: "Alde Zaharra biziberrituko du, bizigarriagoa egingo du, jarduera ekonomikoa sustatuko du eta higiezinen birgaitzea erraztuko du", adierazi zuen Rodríguezek; “Gaur urrats garrantzitsua egin dugu Gasteizko Alde Zaharrak bizitza eta etorkizun handiagoa izan dezan”, Calvok.

Parte hartzerik ez, turismoa bai

Gasteiz Txiki Alde Zaharreko auzo elkarteak, ordea, oso bestelako balorazioa egiten du. “Bi puntu azpimarratu nahi ditugu”, azaldu du Manu Arakama elkartearen presidenteak. "Batetik, udal gobernuaren aldetik auzoak pairatu duen informazio eza erabatekoa; bestetik, planaren helburua turismoa sustatzea dela, auzokideon beharrak alboratuta".

"Batetik, auzoak pairatu duen informazio eza erabatekoa da; bestetik, planaren helburua turismoa sustatzea da" (Manu Arakama, Gasteiz Txiki auzo elkarteko presidentea)

Informazio eta parte hartze ezari dagokionez, Arakamak gogoratu du BIPBak bi urte eman dituela paralizaturik, mahai gainean proiektu bat bazegoen ere. Are gehiago, proiektu hori udalak bultzatu zuen: “Madrileko Paisaje Transversal enpresari 250.000 ordaindu zizkioten proiektua osatu zezan, enpresa gurekin ere harremanetan jarri zen auzokideen proposamenak jasotzeko... eta proiektuak bi urte daramatza udaleko tiraderaren batean gordeta". EAJ-PSE gobernuak PPrekin adostutako BIPBaren berri prentsaren bitartez izan dutela ere salatu du.

Auzoko hainbat eragilek urteak daramatzate salatzen erakundeek turistei ematen dietela lehentasuna, auzokideen kaltetan. Arakamaren esanetan, plan berrituak horretan sakontzen du. Horren adibide nagusitzat jarri du 35 hotel berri irekitzeko aukera. “Gauzatzen bada, inpaktu handia izango du auzoaren izaeran, eguneroko bizitzan, eta auzokideen bizi kalitatean. Parke tematiko baten aldeko apustu garbia da. 35 hotel berri, zazpi ditugu jada: 42 hotel auzoan? Neurrigabea da, astakeria”.

Lehentasunak: auzokideak eta etxebizitza

Lehentasunak zeintzuk izan beharko luketen galdetuta, guztien gainetik bat azpimarratu du Gasteiz Txikiko kideak: etxebizitzak eraberritzeko baliabideak. “Birgaitze integralak egiteko baliabideak, oinarrizkoenetik hasita. Esaterako, auzoko atarien %80ak ez du igogailurik, eta horrek izugarrizko eragina du auzokideen bizitzan, pertsona nagusi asko dituen auzoa baikara. Ez da txantxetako gauza. Badakigu auzokide askok, adin batera helduta, auzotik alde egiten dutela arazo horrengatik, ezin direlako kalera irten edo ahalegin handia eskatzen dielako”.

Auzo elkartearen beste bi aldarrikapen nagusiak ere aipatu ditu Arakamak. Bata, zarata eta zikinkeria murrizteko politikak, bestea, autoen trafikoa desagerraraztea. “Aspalditik ari gara proposatzen auzo inguruan dauden parkingetako plaza huts ugariak bizilagunentzat gordetzea, helburua urratsez urrats trafikoa murriztea izan behar du, auzoa erabat oinezkoentzat bilakatu arte”.

“Espekulatzen ari dira udala, zenbait enpresa eta baita partikular batzuk ere, eta BIPB berriak horretan sakonduko du”

Eskubideak vs negozioa

Lehentasuna etxebizitza politiketan jarri du Arakamak, eta, kasualitate edo kausalitate, auzoan egiten ari diren etxegabetze baten aurkako protestatik erantzun ditu ARGIAren galderak, ostiral goizean. Ertzaintzak goizean goiz kaleratu ditu atari aurrean erresistentzia egin duten auzokideak, kalea moztuta du, eta epaileak ekiditen ez badu, laster etxegabetuko dute bi adin txiki dituen familia. Aste honetan ere jakin da udalak Kubo kaleko bost etxebizitza eta merkataritza lokal bat saldu dizkiola enpresa pribatu bati prezio oso deigarrian, 364.924 euro, emango dien erabileraren inguruan inongo baldintzarik jarri gabe.

“Etxebizitzarena arazoa orokorra da Gasteizen, baina Alde Zaharrean are larriagoa da” salatu du Arakamak. “Espekulatzen ari dira udala, zenbait enpresa eta baita partikular batzuk ere, eta BIPB berriak horretan sakonduko du”.


Turistifikazioa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 17
Usoa otso

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.