argia.eus
INPRIMATU
4.000 lagun, 40 kartzela, aldarri bakarra: “euskal presoak etxera”
  • Euskal presoei ezartzen zaizkien “salbuespen egoerak bukatzeko” eskatu zuten 4.000 lagunek asteburuan. Guardia Zibilak kontrol ugari ezarri zituen, baina espetxe guztietara ailegatzea lortu zuten.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 22a
4.000 lagunak hartu dute parte 40 kartzelatara egindako martxan. Arg.: Ezker Abertzalea

75 autobusetan sartutako 4.000 euskal herritarrak euskal presoak dauden Espainiako eta Portugalgo espetxe guztietara heldu dira asteburuan, baita Bretainiako Rennes kartzelara ere –Lorentxa Gimon dago bertan, larriki gaixorik dagoen presoa–.

Protesten bidez eskatu zuten presoak Euskal Herriratzea, gaixorik dauden presoak askatzea, eta euskal presoek legedi arrunta erabili ahal izatea onura penitentziarioak lortzeko. “Ezinbestekoa da askatasuna, demokrazia eta kanpoko inposiziorik gabeko erabakiak lortzeko”, adierazi zuten kartzelen atarietan irakurritako testuan. “Euskal Presoen etxeratzea lortzeko erabateko konpromisoa dugu; izan ere, ez gara aske izango haiek gabe, eta beraiek ez dira aske”.

Guardia Zibilen kontrolak

Guardia Zibilak oztopoak jarri zizkien hainbat kartzeletara joan ziren euskal herritarrei; kontrol ugari ezarri zituzten errepideetan, eta Ezker Abertzaleak salatu zuen Guardia Zibilak hainbat lagun identifikatu zuela kartzelaren kanpoaldeari argazkiak ateratzeagatik.  

Dena den, kartzela guztietara ailegatzea lortu zuten protestan parte hartu zutenek, eta euskal presoek aukera izan zuten elkartasun keinuak entzuteko kartzelen atarietan egin ziren ekitaldien bidez.