40 “pistolero” kaleak hartzeko prest: honela antolatu zuten 1981eko kolpea paramilitarrek

  • 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen inguruan sekretupean zituen dozenaka dokumentu desklasifikatu ditu Espainiako Gobernuak eta Monclorean webgunean paratu ditu kontsultatzeko. Dokumentuetako batean militarren eta kalez jantzitako talde armatu paramilitarren arteko harremanaz hitz egiten da. Madrilgo Kongresuan EH Bilduk eta EAJk eskatu dute 1976ko martxoaren 3ko, 1978ko Sanferminetako eta gerra zikinari buruzko dokumentuak ere desklasifikatzeko.


2026ko otsailaren 25ean - 17:06
Azken eguneraketa: 18:12
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kolpea eman eta bi hilabete eskasera, 1981eko apirilaren 14an idatzitako dokumentu hori, Defentsa Ministerioaren CNI inteligentzia zerbitzuaren paperetan zegoen. Acción Sindicalista Nacional del Trabajo erakundeko Jose Antonio Assiego izeneko pertsona batek Ricardo Garchitorena koronelarekin harremana zuela  dio informazioak. Assiegok,  “40 gizon profesional” kontrolatzen zituen, “grebak biolentziarekin hausten ohituak eta normalean armatuak joaten zirenak”. Garchitorenak, berriz, Juan Montero Tamires sarjentuarekin batera lehendik ere “ekintzarako talde armatuak” antolatu zituen Euskal Herrian –Trantsizio garaian sortu ziren talde paramilitarrez ari da–, eta horregatik auzipetua izan zen.

CNIko dokumentuak dioenez otsailaren 23an Assiego Garchitorenaren aginduaren zain egon zen bere gizonekin kalera ateratzeko, eta horietako batzuk “benetako pistoleroak” ziren.  

“Separatismoa” mehatxu handiena

Euskal Herrian bizi zen egoera presente dago deklasifikaturiko beste hainbat dokumentutan. Estatu Kolpe saiakera izan zenean CNIk “barne mehatxuei” buruzko seihileko txostena idatzi zuen, eta bertan esaten da momentu horretan “separatismoa barne mehatxu handiena” zela.

ETAren ekintzei dagokienez, erakunde horri “gerrillara jauzi egiteko” gaitasuna aitortzen dio CNIren dokumentuak, “horretarako prest dagoen jarraitzaile eta kide masa handi bat” zuelako.

Belodromoan bandera espainola

Estatu kolpeak huts egitean, Tejerok eta bere taldeak Madrilgo Kongresuan euren buruak entregatuta ere, militarren artean eta Espainiako indar armatuetako aparatuetan tentsioa ez zen berehalakoan baretu, kolpisten kontrako prozesu judiziala martxan baitzegoen oraindik handik urtebetera.

CNIren dokumentu batek dio  “Anoetan [Donostiako Belodromoko mitin batean] bandera espainiar bat erre izanak” eragina izan zezakeela auzian bertan, abokatuek erabili zezaketelako epaitegiko aretoan “liskarren” bat sortzeko.  Horregatik, gobernuak bandera erre zutenei “zigor eredugarri” bat jartzea gomendatzen du txostenaren egileak, eta hauteskunde-giroan zeudenez, Garaikoetxea, Arzallus, Bandres eta beste lider politikoak, gertaera horren aurrean posizio bat hartzera “behartu” beharko liratekeela ere dio.

CNIren dokumentu batek dio  “Anoetan [Donostiako Belodromoko mitin batean] bandera espainiar bat erre izanak” eragina izan zezakeela auzian bertan, abokatuek erabili zezaketelako epaitegiko aretoan “liskarren” bat sortzeko

“Me cago en la…”

Sánchezen gobernuak iragarritako desklasifikazioak ikusmin handia sortu duen arren, aurreikusita zegoen bezala dokumentuek ez dute ezer adierazgarririk esaten Juan Carlos Borboi espainiar erregeak estatu kolpe saiakeran izandako parte-hartzearen inguruan. Milaka orrialde dira eta oraindik dena erabat aztertu gabe dagoen arren, CNIko hainbat agenteren inplikazioari buruzko informazioa da, seguruenik, esanguratsuena. Dokumentu horiek erakusten dute inteligentzia zerbitzuetan operazioaren jakitun zirela.

Tejerok Madrilgo Kongresutik gau hartan hainbat pertsonekin telefono bidez izandako elkarrizketen transkripzioek piztu dute arreta gehien

Hala ere, Antonio Tejerok Madrilgo Kongresutik gau hartan hainbat pertsonekin telefono bidez izandako elkarrizketen transkripzioek piztu dute arreta gehien. Zehazki, Juan García Carres falangista eta kolpearen buruetako batekin izandako hizketaldian, “coño”, “cojones” eta “me cago en la…” artean garbi geratzen da Alfonso Armada jeneralak bakarrik utzi dituela: “La victoria es para España, aguanta Antonio”, (Garaipena Espainiarentzat da, eutsi Antonio) esaten dio kanpotik García Carriesek.

Hortik denbora batera, Tejeroren emazteari atzemandako beste telefono dei batean, honek ederki laburbiltzen du, aieneka, teniente-koronelaren egoera: “Lo han dejado como una colilla” (Zigarrokina bezala utzi dute).

Saiakerak iraun bitartean Madrilgo Retamareseko kuartelean soldaduek kanpoko senideekin izandako berriketaldiak ere badaude dokumentuen artean. Adierazgarrienetako bat, RTVEko egoitza hartu zuen unitate militarreko soldadu bati emandako agindua: “Lehenengo tiroa airera… bigarrena jotzera”.

1976koak eta 1978koak noizko?

Madrilgo Kongresuan asteazken honetan osoko bilkuran izandako eztabaidan, PPko buruak zein Voxekoak gogor jardun dira Espainiako Gobernuaren erabakiaren kontra; gainerako indarrek txalotu egin dute, baina nabardurekin.

EH Bilduko bozeramaile Mertxe Aizpururen esanetan beharrezkoa da pauso gehiago ematea eta Sánchezi exijitu dio altxa dezala 1976ko martxoaren 3ko Gasteizko langile sarraskia, 1978ko Sanferminetako gertaerak edo Naparraren desagerketari buruzko sekretua, besteak beste. EAJko ordezkariek ere bide beretik hitz egin dute.

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan, asteazken honetan. Espainiako Kongresua

Sánchezek erantzun du 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko lanean ari direla eta seihileko honetan gertatuko dela hori seguruenik. Hala ere, espainiar presidenteak ez du argitu hori egin ondoren aipatu kasu horien inguruko dokumentazioa egongo denik desklasifikatutakoen artean kontsultagai.


Politika kanalean gehiago
2026ko martxoaren 4
Herriko bozkak Ipar Euskal Herrian
Ate-joka dugu sei urteroko hauteskunde-hitzordua

2026ko martxoaren 4
Gurasoen federazioa ere atera da segregazioaren kontrako mahaitik
"Ondorioak eztabaidaren aurretik ezarrita daudela dirudi"

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.