40 argitaletxe eta diskoetxetik gora batuko dira Ziburuko Azokan ekainaren 6an

  • Ziburuko Liburu eta Disko Azokaren zazpigarren edizioa aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dute Baltsan elkarteko eta ARGIA komunikabideko kideek. Beñat Oihartzabal idazle, hizkuntzalari eta irakaslea izanen da aurtengo omendua.

Manex Moreno Uharte/ARGIA CC-BY-SA

2026ko maiatzaren 12an - 09:55
Azken eguneraketa: 2026-06-02 09:58
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

“Egun bat osoa euskaraz normalki, lasaiki eta naturalki bizi ahal izatea, hizkuntza diskriminatzaile hegemonikoen interferentziarik eta estres linguistikorik gabe ; arnas(g)une bat, euskarazko literatura eta, oro har, sorkuntza sustatu eta haren aniztasun eta aberastasunaz gozatzeko, xumea bezain baitezpadakoa”. Horra nola definitzen duten Ziburuko Liburu eta Disko Azoka hitzordu horren antolaketan dabiltzan Baltsan elkarteak eta ARGIA komunikabideak. Ekainaren 6an izanen den zazpigarren edizioaren aurkezpena egin dute Ziburun (Lapurdi) berean, astearte goiz honetan. Egitaraua eskuragarri dago sarean. Antolatzaileekin batera egon dira Ziburuko Herriko Etxeko Leire Larraza eta Euskal Kultur Erakundeko Frank Suarez, laguntzaile gisa.

Aurten 33 argitaletxe edo zortzi diskoetxe egonen dira bertan, eta besteak beste, Pantxix Bidart eta Marieren, Xabier Badiolaren, Maite Larbururen eta Indigo taldearen kontzertu ttipiak entzuteko aukera izanen da. Liburu aurkezpenei dagokionez, ondoko hauek egonen dira: Auzolanaren lurretan, EHZ 1996-2026 –EHZ egiletza kolektiboa (Elkar)–; Kantu leuna –Leila Slimani, Itz.: Nahia Zubeldia (Alberdania)–; Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian –Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste (ARGIA)–; Odol guztiak du burdin gustua  –Gregorio Muro Harriet/Carlos Varela (Harriet ed.)–; Lera –Castillo Suarez (1545 argitaletxea)–; Zaldi bat –Maddi Ane Txoperena (Txalaparta)–.

Disko eta liburu aurkezpenez gain, ohikoan bezala, eguneko egitarau aberatsa ondu dute antolatzaileek: umore ikusgarria, bertso eta marrazki saioa, umeentzako ikusgarria; rol joko partidak Rolariak elkartearen eskutik eta urtero bezala, Zubiburu izeneko bi sortzaileen arteko elkarrizketa –aurtengoan Beñat Oihartzabal eta Céline Mounolen artean izanda–. Hain justu, Beñat Oihartzabal idazle, hizkuntzalari eta irakaslea izanen da aurtengo omendua. Hitzordua 10:00etan jarrita dute. Hemen duzue ikusgai egitarau osoa.

“Euskaraz baikara”

Euskaraz baikara da aurtengo ediziorako landutako leloa. Azkenaldian biderkatuz doazen euskararen kontrako oldarraldiak kontuan hartuta, lanean eta borrokan segitzearen deia egin dute antolatzaileek: “Jarraitu behar dugu, bistan da, gobernatzen gaituztenei gure eskubideen aitortza, euskararen aldeko neurriak, baliabideak, lege babesa eta ofizialtasuna eskatzen”. Hori bezainbat, ordea, egunerokoan eta modu pertsonalean euskararen alde aktiboki engaiatzeko garrantzia ere azpimarratu dute: “Baina zain egon gabe, bakoitza lozorrotik atera eta pasibo izatetik aktibo izatera pasatuta. Ofentsibara pasatu behar dugu eta horretarako euskara bera dugu armarik onena: eman euskarari lehentasuna maila pertsonalean, sozialean zein politikoan auziari zor zaion garrantzia eskainiz, hasi ofizialtasuna praktikatzen familian, lagunartean, auzoan, lanean edota elkartean, eta euskarari nagusitasuna emanen dioten eremuak eta denborak sortzen eta biderkatzen”. Zentzu horretara doa Ziburuko Liburu eta Disko Azoka, eta herritar orori luzatu diete bertaratzeko gomita.

Oinherri-rekin elkarlanean, Jurgi Ekizaren kontzertuak

19:00etan itxiko ditu bere ateak azokak, baina doi bat luzatuko da aurtengo edizioa, 20:00etan bertan egonen delako Jurgi Ekiza, kontzertua eskaintzen. Herri hezitzailearen filosofia eta praktika Euskal Herriko herrietara gerturatzeko helburuari segi osatu zuten Oinherri sarea 2016an eta gaur egun 50 bat herritan errotuta dago sarea. Ziburun elkartzekoak izanik asteburu horretan, elkarlanari lotu eta kontzertu hori lotu dute.

Adur Larrea Baltsan elkarteko kideari egindako elkarrizketa, hemen:


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.