AEBetan Mexiko Berria estatuko epaimahai batek 375 milioi dolar ordaintzera zigortu du Meta, bere plataformetan (Facebook, Instagram eta WhatsApp) haurren sexu-esplotazioa errazteagatik eta plataformen ustezko segurtasunaz erabiltzaileak engainatzeagatik.
Auzitegiak frogatutzat eman du multinazionalak badakiela bere plataformek zer arrisku daukaten adingabeentzat —eduki kaltegarrien eraginpean egotea eta jazarleekin kontaktuan egotea barne—, baina ez duela behar bezala jokatu, eta ez duela gardentasunez informatu. Gainera, ondorioztatu du Metak bere onura ekonomikoak lehenetsi dituela haurren babesaren aurretik.
Epaiketan, fiskaltzak frogatu du segurtasun-sistemetan akats larriak daudela. Ezkutuko ikerketa batean poliziek adingabeen profil faltsuak sortu zituzten, eta agerian geratu zen adingabeek berehala jaso zituztela helduen mezu sexualak.
Epaimahaiak erabaki du, halaber, Metak adierazpen engainagarriak egin dituela bere plataformen segurtasunari buruz, eta abusuzko merkataritza-praktikak aplikatu dituela, adingabeen kalteberatasunaz eta esperientziarik ezaz baliatuta. Era berean, haien algoritmoen zeregina nabarmendu dute, elkarrekintza maximizatzeko diseinatu daudenez eduki kaltegarrien zabalkundea errazten dutela, eta horren eraginez adikzioa, antsietatea edota depresioa eragin.
AEBetako estatu horretako praktika desleialen legearen milaka arau-hauste indibidualetatik abiatuta kalkulatu dute isuna. Kasu hau AEBetan multinazional teknologikoen aurka abian dauden auzi askoren parte da, beren produktuek adingabeengan duten eragina dela-eta. Zigor hau aurrekari garrantzitsua ezar lezake.
Mark Zuckerbergen enpresak epaia arbuiatu eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Metak dio segurtasuna hobetzeko lan egiten duela eta eduki kaltegarria erabat ezabatzea konplexua dela, nahiz eta onartzen duen material batzuek beren kontrol-sistemak saihestea lortzen dutela.
Prozesua ez da amaitu eta epaiketaren bigarren fase bat hasiko da maiatzean. Orduan aztergai izango dute ea Meta interes publikoko arazo bilakatu den eta eragin dituen kalteak konpontzeko neurriak finantzatu behar ote dituen.