Iraungitako 372 txerto jarri dira Osakidetzaren hutsegitearen eraginez

  • 2017., 2023. eta 2024. urteetan iraungita zeuden 106 txerto jarri ziren eta 2025ean jarritakoekin batera, guztira, iraungitako 372 txerto jarri direla erregistratu da. Akatsak ekiditeko txertoen gaineko kontrola zorrozteaz gain, protokolo bateratu bat ezarriko du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Iraungitako 106 txerto jarri ziren 2017., 2023. eta 2024. urteetan. Alberto Elosegi - ARGIA Fototeka

2026ko martxoaren 4an - 11:43
Azken eguneraketa: 13:26
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2025ean Osakidetzaren bidez jarri ziren iraungitako 266 txertoez gain, Txertoen Administrazio batzordearen datuen arabera, hamazazpi eman ziren 2017an Debagoienan eta 89 OSI Uriben 2023. eta 2024. urte hasieran. Azken horiek nagusiki haurrei jarri zitzaizkien. Hortaz, guztira iraungitako 372 txerto jarri direla erregistratu da. Kasuen berri eman diote familiek Osakidetzari, familia-kartillak begiratu eta akatsa ikusitakoan. Egun, haur horiek 10 urte inguru dauzkate eta Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak dosi berria eman zaiela ulertarazi du, nahiz eta Naiz-ek jaso duenaren arabera ez den erabat argi gelditu. Sailburuak, bestalde, 2025ean banatu ziren 168.840 dosi aztertu ostean, %99,84 “modu egokian” banatu zirela argitu du Gasteizen egindako agerraldian.

Martínezek azken urteko kasuekin “erregistro akatsak” egon zirela azaldu zuen urtarrilean. Ondorioz, Osasun Sailak Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordea osatu zuen, gertatutakoa eta sistemaren funtzionamendua aztertzeko helburuz. Osatu duten txostenean antzeman dute hutsuneak daudela txertoa jasotzeko urrats gehienetan. Batzordeak nabarmendu du akatsak sistematikoak direla eta ez direla indibidualak.

Horren aurrean, sei hilabete eta urtebete artean milioi eta erdi euroko protokolo komuna ezartzeko konpromisoa hartu du Osasun Sailak. Bitartean, txertoen gaineko kontrola zorroztuko dute. Ondorengoak dira protokoloan hartuko diren neurriak: beharrezkoak diren txertoak baino gehiago saltzea eta iraungitze epe laburra dutenak banatzea ekidingo da; anbulatorio bakoitzean txertaketarako arduradun bat eta ordezkari bat ezarriko dira, stock-a kontrolatu eta iraungitze data errebisatuko dituztenak; kode irakurgailu bat baliatuko da, txertoaren kodea irakurtzearekin zuzenean honen egoeraren berri emango duena; eta kartilla digitala sortuko da, mugikor eta ordenagailutik paziente bakoitzak jasotako eta hartu beharreko txertoen jarraipena egitea ahalbidetuko duena.


Osakidetza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.