36ko gerrakoa izan daitekeen obus txiki bat topatu dute Leaburun

  • Leaburuko plaza berritzeko lanetan aurkitu zuten eta Ertzaintzak eraman zuen eztanda eragiteko asmoz; ez da horrelako bonba bat topatzen duten lehen aldia.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 06an - 08:55
Leaburun aurkitutako obusa (Arg: Tolosaldeko Ataria)

Espainiako gerrakoa izan daitekeen obus txiki bat aurkitu zuten pasa den ostiralean, Leaburuko elizaren inguruan. Plaza berritzeko lanak egiten ari dira bertan, eta obrako langileek topatu zuten konpresore batekin lanean ari zirela. "Langileak pixka bat larritu ziren eta udal arkitektoari deitu zioten. Ertzaintzari deitzea erabaki genuen, lehergailu teknikariak ere eraman zituzten, bazdaezpada, eta azkenean eraman egin zuten, eztanda eragiteko", azaldu du Luixa Uzkudun alkateak.

Dena den, ez da Leaburun topatutako obus bakarra. 1980. urte inguruan topatu zuten lehena eta duela 15 bat urte ere beste bat topatu zuten. Ondo gogoan du Joxean Ugartemendia leaburuarrak. Lehena topatu zutenean herriko alkatea zen, gainera, "orain topatu dutena baino handiagoa zen hura", esan du.

Ugartemendiak dio obus horiek bertan topatzea ez dela kasualitatea eta aurkikuntza testuinguruan kokatu du. "Kolpea eman zenean, 1936. urtean, Leitzatik eta Atallutik barrena sartu eta segituan ziren inguru honetan. Ez zegoen ia erresistentziarik eta Becerra kapitainaren gizonak egon ziren Leaburun. Postu bat zeukaten elizaren inguruan, ez dakit zertarako; defentsarako, kontrolerako, biltoki bezala... auskalo, baina postu bat bazegoen behintzat eliza aurrean. Tolosara sartu baino lehen ingurua kontrolatzeko baliatu zuten kokapena", azaldu du.

Ugartemendiaren aitak 11 urte besterik ez zituen eta hainbat pasadizoren berri ere eman zion semeari. "Berak kontatutakoa eta han eta hemen irakurri eta jasotakoarengatik dakit hemen ere izan zirela".

Leaburuko elizak badu Espainiako gerraren arrastorik; kanoikada batek utzitako zuloa dago bertan. "San Blasko Muxika baserritik errepublikarrek botatako kainoikadak eta tiroak entzun ziren herrian. Kanoikada horietako batek elizan jo zuen eta zuloa hor dago oraindik. Entzun dut tiro horietako bat izan zela Pio Loperena kapitaina hil zuena eta lau rekete zauritu zituena, Mañeruko reketeak, hain justu". Tolosa hartzeko asmoz egon ziren Leaburu inguruan eta Tolosa abuztuaren 11n hartu zuten.

Ugartemendiaren iritziz, obusa azaldu deneko toki inguruan posible da gehiago topatzea ere, izan ere "abuztuaren 9an, hegazkin arin batek 9 bonba bota zituen".

Errepublikarrek eraginda

Gipuzkoa hartzeko Nafarroatik barrena sartu ziren. Hiru zutabe osatu zituzten, hain zuzen, Beorlegui, Cayuela eta Latorre komandanteak izan ziren zutabe horietako arduradunak (1936ko gerrako oroitzapenak, Tolosaldean eta Leitzaldean liburua). Gipuzkoa hartzeko Berastegitik barrena sartu zen zutabea 36ko uztailaren 22an hasten zen lehen operazioak egiten. Uztailaren 23an Iruñeatik iritsitako rekete eta falangistak gehitu ziren taldera. Ordura arte Vicondoa zen komandantea, baina Becerrak hartu zuen lekua gero. Becerrak Lizartza eta Tolosara joateko erabakia hartu zuen. Lizartza uztailaren 25ean hartu zuten gudu txiki baten ondotik, eta Tolosaruntz abiatu ziren Berastegiko errepidetik barrena zihoan Tutor zutabearekin batera. Antza Leaburura uztailaren 25ean irisi ziren. 135 gizon omen zeuden bertan; reketeak eta falangistak, batez ere. Tutor zutabekoak Leaburura Belauntzatik iritsi ziren, eta bi zutabeak Latorre koronelaren agindupean aritu ziren. Uztailaren 28an elkartu ziren bi zutabeak eta bi egun beranduago Leaburu erasotzea agindu zuen koronelak.

Latorre Leaburun zegoen eta errepublikako hegazkinek erasotu zioten. Latorre Cayuelaren tropen zain zegoen, Madril-Irun errepidetik barrena ari ziren gerturatzen, elkartu eta Tolosa hartzeko asmoz. Hain justu, errepublikako hegazkinek egindakoa da Leaburuko elizako zuloa. Izan ere, Tolosa defenditzeko azken saiakera Izaskun eta Uzturre ingurutik egin zuten. San Blas auzoko Muxika baserritik aritu ziren tiroka, Donostiako kuarteletatik eramandako kanoi pare batekin.

Informazio hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: 1936ko gerra
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak

Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n... [+]


Jokin Pantxeska Etxebarria. Gerrako ume, aitaita
"Hiru aldiz esan dute gorria naizela, komunista!"

Irisarriko herrigunera sartu orduko, hantxe, etxe baten atarian, ikurrina eta estelada. Jokin Etxebarriaren bizitokia duzu. Gerrako ume izandakoa, hamaika ibilera –eta hamaika baino gehiago ere bai–, han eta hemen egindakoa. 92 urtek nahi beste bizitzeko aukera... [+]


Missak Manouchianen lorratza
Euskal partisano komunistak nazien kontra

Otsailaren 21ean Missak Manouchian eta Melinée Assadourian senar-emazte armeniarren gorpuzkiak Pariseko Panteoian sartuko dituzte ohore guztiekin. Poeta eta partisano komunista, Manouchianek ekintza ikusgarriak gidatu zituen Bigarren Mundu Gerran okupaturiko Frantzian,... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


Eguneraketa berriak daude