Datozen lau urtetan 36.000 milioi euro gehiago bideratuko ditu Frantziak armadara. Parlamentuan bozkatu ostean, aldizkari ofizialean argitaratu dute astearte honetan. Gobernuak dio armada modernizatzera bideratuko dela partida hori, baita ziber defentsa edota drone sistemak eraberritzeko programetara ere. Datorren urtean hamar urte beteko dira Emmanuel Macron presidente izendatu zutela; hamar urteetan biderkatu egingo da armadaren gastu publikoa, 64.000 milioi izatera iritsiko baita.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak pasa den apirilean iragarri zuen areagotu egingo zuela armadara bideratutako diru publikoa. Bada, esan eta egin. Lege berria parlamentuan bozkatu eta epaitegiek ontzat eman ostean, 2030era bitarte aurreikusitakoa baino 36.000 milioi euro gehiagoko aurrekontua izango du armada frantsesak. Hala jakinarazi du presidenteak astelehenean, eta asteartean argitaratu du Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialak.
2017an izendatu zuten Macron presidente, eta 2023an onartu zuten programazio militarraren legea; ordutik, plan berria indarrean jarrita eta aurrekoari batuta, hamar urtetan biderkatu egingo du armadara bideratutako diru publikoa. Izan ere, 2027an 64.000 milioi eurokoa izango da. Macronen gobernuaren esanetan, besteak beste, ziber defentsa, drone sistemak eta bestelako arloak berritu eta armada eraberritzeko erabiliko da diru partida hori. "Sakoneko erasoetan hobeto jokatzen ahalbidetuko digu [aurrekontuak], baita misilen aurkako defentsan ere. Frantziari babestea tokatzen zaio, eta beste herrialdeekiko konpromisoa sendotzea", esan du Macronek.
Era berean, Frantziako Estatuak "borondatezko soldaduska" egiteko bidea zabalduko die 18 eta 25 urte bitarteko gazteei. Irailean ipini asmo du martxan soldaduska "programa" berria.
Frantziako Estatua ez da Europako herrialdeko bakarra armadaren inbertsioa handitu duena azken urteetan. Adibidez, Espainiak berriki jakinarazi du inoizko aurrekonturik handiena bideratu zuela iaz armadara.