Hamar urtean 300.000 euskal hiztun irabazteko helburuarekin, ‘Pizkunderako Erronka 2036’ aurkeztu du Kontseiluak

  • Orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztuta, urtero 30.000 hiztun irabazi eta erabileran %20ko langa gainditzea da Euskalgintzaren Kontseiluaren helburua, eta hori lortzea xede, datozen hamar urteetarako Pizkunderako Erronka 2036 txostena aurkeztu du ostegunean. Proposamenari babesa adierazteko, ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxara joatera deitu du.


2026ko maiatzaren 28an - 09:52
Azken eguneraketa: 2026-05-29 11:52
Kontseiluko ordezkariak, eredu izan dituzten nazioarteko ekimenetako ordezkariekin batera, Andoainen emandako prentsaurrekoan. Kontseilua
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Pizkunderako Erronkak "euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duten larrialdi linguistikoari erantzun eta indarraldi berri baterako ibilbidea abiatu nahi du", azaldu du Kontseiluak: "Izan ere, azken diagnostikoek normalizazio eta biziberritze prozesuaren motelaldia utzi dute agerian. Are, atzeraldiaren arriskua ere handia da ezer egin ezean". Horregatik proposatu ditu joera horiek iraultzeko eman beharreko jauziaren helburuak, adierazleak eta bitartekoak. "Gizarte gisa" aurrera eraman beharreko erronka da, Kontseiluaren hitzetan: "Euskalgintzak, erakundeek, eragile sozial eta politikoek, euskaltzaleek eta, oro har, euskarari etorkizuna eman nahi dioten herritar guztiek". Proposamena 140tik gora eragile sozialek sinatutako Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean oinarritzen da.

Urtero 30.000 euskaldun oso

Ezagutzari dagokionez, erronkaren helburu nagusietakoa da 300.000 euskaldun oso sortzea 2026-2036 artean. "Gaur egun, 15.000 euskaldun inguru irabazten dira urtean Euskal Herri osoa aintzat harturik, baina hori ez da aski motelaldia atzean utzi eta biziberritze ziklo berri bat abiatzeko". Orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea litzateke erronka. Horretarako, lurralde eta eremu administratiboka helburu espezifikoak ezarri dira, errealitate soziolinguistiko desberdinak eta progresibotasuna kontuan hartuta: "EAEn gaur egun urtero sortzen diren 13.000 euskaldunen kopurua 25.000 izatera pasa beharko litzateke; Nafarroan, egungo 1.500etatik 3.700era; eta Ipar Euskal Herrian, 440etatik 1.300era".

Erabilerari dagokionean, %20ko langa gainditzea da erronka, egungo %15,3tik ia bost puntu irabaztea. 

Bost jauzi

Erronka gainditu ahal izateko, bost arlo estrategikotan jardutea planteatzen du Kontseiluak:

Lehenengoa hezkuntza arautuari dagokiona da, helburua izanik urtean 180.000 euskaldun oso gehiago lortzea. EAEn, horretarako tresna euskarazko ikasteredua orokortzea dela dio Kontseiluak. Nafarroan, giltza murgiltze eredua %40era hedatzea litzateke, eta horrekin batera, ikasle guztiek jasotzea, gutxienez, euskara ikasgai gisa. Ipar Euskal Herrian ere, murgiltze eredua hedatzeaz gain, ikasle guztien curriculumetan euskarazko ikasgaia txertatzea da gakoetako bat. "Jakina, Iparraldearen kasuan ezin ahaztu ibilbide akademiko osoa, baxoa barne, euskaraz egiteko bermea eskuratzearen garrantzia".

Bigarrena helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokiona da. Hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea da erronka: 100.000 EAEn, 14.800 Nafarroan eta 5.200 Ipar Euskal Herrian. Horretarako, "ezinbestekoa" izango da euskara-ikasketen doakotasuna, erakundeen eta gizarte-eragileen jarduna koordinatuko duen agentzia berri baten sorrera, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudia eta plangintzak sustatzea.

Hirugarren arloak hizkuntza-politiketara bideratzen den diruari egiten dio erreferentzia. Kontseiluak emandako datuen arabera, egun, Euskal Herriko hiru administrazioetako gobernuek, batez beste, aurrekontuaren % 0,45 bideratzen dute hizkuntza-politikara: "Inbertsioa Euskal Herriko aurrekontu kontsolidatuaren % 2ra igotzea da proposamena", gobernu, aldundi, udal zein bestelako organismoak aintzat hartuta.

Bestetik, euskarak ofizialtasun osoa behar du Euskal Herri guztian, Kontseiluaren hitzetan. "EAEn egungo oldarraldi desofizializatzailea etetea ezinbestekoa da, eta arkitektura juridiko berriak saiatzea. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskara ofiziala eremu osoan izatea, eta Ipar Euskal Herrian ofizialtasun estatusa eskuratzea".

Eta, bosgarren gakoa da "euskaraz bizitzeko behar diren baldintza errealak modu integral eta zeharkakoz eratzea". Kontseiluak dio euskarazko ekosistema oso bat eratu behar dela: kulturan, aisialdian, ingurune digitalean, ehundura sozial osoan... "Horretarako, politika publikoez gaindi ezinbestekoa izango da euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua".

Nazioarteko esperientziak

"Erronka egingarria, anbiziotsua eta ilusio piztailea da, zentzuzko helburuekin, eta neurri eta adierazle sendoekin", dio Kontseiluak. Erreferentziatzat hartu ditu Galeseko Gobernuaren Cymraeg 2050, Kataluniako Generalitatearen Pacte Nacional per la Llengua eta Galiziako Protocolo Lingua Vital estrategiak, baita Ipar Euskal Herrian Euskal Konfederazioak proposatutako 2050. urterako helburua ere.

Ekimen horiek ere aurkeztu dituzte ostegunean, tokian tokiko eragileek.


Irakurri gehiago: Kontseilua Euskara Euskalgintza
Kontseilua kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia
“Euskararena auzi politikoa da, norbanakoen ahaleginarekin nekez erantzungo diogu”

2026ko martxoaren 11
Idurre Eskisabel (Euskalgintzaren Kontseilua)
"Susmoa baieztatzeak kezka ikaragarria sortzen digu"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.