Kongoko Errepublika Demokratikoko Rubayako meatzeetan jazotako lur-jausien eraginez gutxienez 300 pertsona hil dira larunbatean. 2025eko ekainetik aurrera gertatutako ezbeharretan gutxienez 1.660 dira bizitza galdu duten pertsonak.
Larunbatean Rubayako koltanaren meatze guneko lur-jausian, 300 hildako egon dira euri bortitzen eraginez. Telesphore Nitendike Masisi hiriko gizarte zibileko koordinatzaileak nazioarteko berri agentziei azaldu dienez “300 biktima baino gehiago egon daitezke”. Hildakoen artean, inguruko etxebizitzetako familia eta meatzariak aurkitu dituzte. Nitendikek azaldu duenez “40 familia baino gehiago eraman dituzte lur-jausiek, meatzariak barne. Tragikoa da gertatutako (…), batez ere erreskate lanak ez dituztelako espezialistek antolatu”.
Ez da ezbehar bakarra izan. Bost egun lehenago, martxoaren 3an beste lur-jausi batek 200 hildako utzi zituen eta horietatik 70 haurrak ziren. Nitendikek azaldu duenez gorpu batzuek lurperatuta jarraitzen dute. Urtarrilaren 28ko beste lur-jausi batean berriz, 460 hildako egon zirela azaldu zion koordinatzaileak EFEri, nahiz eta Kongoko Gobernuak 200 hildako kuantifikatu. Gainera, 2025eko ekainean antzeko ezbehar batean beste 700 hildako egon ziren.
Rubayako meatzeetatik nagusiki koltana eskuratzen dute. Ondorengo materialak hornitzeko erabiltzen da besteren artean: ordenagailuak, telefono mugikorrak, kamerak, bideojokoak eta hegazinen motorrak. Horretaz gain, eztainua, industria elektrikoen zirkuituetarako erabiltzen dena, eta wolframita, mozketa herramintetarako baliagarraia dena, eskuratzen dira.