300 pertsonatik gora batu dira Azkoitiko (Gipuzkoa) Gaztetxean Gaztetxeak Bertsotan ekimenaren II. edizioari amaiera emateko. Eli Zalduak eta Suhar Gesalaga bertsolariek eskuratu dute txapela publikoaren eskutik.
Larunbatean eman diote amaiera 300 pertsonatik gorak Gaztetxeak Bertsotanen II. edizioari. Urtarrilaren 2an Kiñu gaztetxean hasi eta Berrizeko, Beasaingo, Garaziko, Txantreako, Gasteizko eta Bilboko gaztetxeak igaro ondoren, Azkoitiko gaztetxean egin dute finala.
Publikoaren eskutik, Eli Zalduak eta Suhar Gesalagak eskuratu dute txapela. Azkoitiko Gazte Asanbladak, berriz, asanbladaren saria Ander Sarriugarte eta Haira Aizpuruari banatu die. Antolatzaileek, bestalde, Aitor Tatiegi eta Iradi Barrenetxea beraiek parte hartuko duten bertso afari batekin saritu dituzte.
Bazkalorduan abiarazi dute ekimena eta Berunen kontzertuak eman dio jarraipena. Ondoren, gazteak gazteagoekin bertso poteoa antolatu dute eta belaunaldi ezberdinetako ondorengo bertsolariak ibili dira tabernak girotzen: Enara Gallastegi eta Unai Iturriaga; Maddi Sarasua eta June Aiestaran; eta Gorka Pagonabarraga eta Jexux Mari Irazu. Finalari ekin eta amaitutakoan Ameba eta Sekule taldeek eman diote amaiera egunari.
Tartean, gaztetxeen aldeko ekimena burutu dute hainbat gaztetxetako kideek: Galdakako Gaztetxekoek, hustutze arriskuan dagoen Gernikako Gaztetxekoek, epaiketa prozesupean dagoen Kiñu Gaztetxekoek eta okupatu berri duten Azkoitiko Gaztetxekoek. Bertan, maiatzaren 29 eta 30ean Elorrion egingo diren Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketara bertaratzeko gonbita egin dute.
Gaztetxeak Bertsotan ekimena
Gaztetxeak Bertsotan iaz asanbladekin elkarlanean sortu zuten proiektua da, belaunaldi berriak gaztetxe eta bertsolaritzara gerturatzeko eta bi eremuen arteko harremana uztartzeko sortu dena. Helburu nagusiak, “bertsolari gazteei plaza eskaintzea” eta “festa-giroko saio eroso eta dibertigarriak” antolatzea dira. Horretarako, gazteen ezinegon eta interesei lekua ematea bilatzen dute, “ahots kritiko eta politizatuen” bidez.
Proiektuarekiko balorazio baikorra egin dute zabalduko prentsa oharrean: “helburuak betetzen gabiltzala sentitzen dugu”. Gainera “komunitatea indartzen eta batzen” dabiltzala ikusten ari dira, “gaztetxeen aldeko borroka” sustatzearekin batera.