argia.eus
INPRIMATU
30 urtez emakumeak bortxatzen boterearen hegalpean
  • Titularra idazte hutsak dardarizoa eragiten du. Txiki uzten du azken egunetan Euskal Herrian bizitzen ari garen eraso matxisten kate ankerra: Donibane Garazi, Bidarten eta Gasteizen hildako lau emakumeak, Iruñea eta Tolosako bortxaketak, Bizkaiko PPko kide Carlos Abajoren atxiloketa adingabekoei sexu kutsuko argazkiak egiteagatik, La Manadako auziak, hasieratik amaierara arte, eragin duen sumina edo Donostian hamaika eraso egin duen tatuatzailearen kasua, batzuk aipatzearren. Zerrenda horri Kote Cabezudo argazkilariarena gehitu behar diogu ezinbestean.

Axier Lopez @axierL 2018ko maiatzaren 08a
Maiatzaren 4an Donostiako epaitegien aurrean lehen aldiz atera dute kalera Cabezudoren aurkako salaketa. Egilea: Jose Ignacio Salazar

Kote Cabezudo (Donostia-1948), Donostiako elite politiko eta enpresarialaren inguru sozialean mugitzen zen argazkilaria da, jet set donostiarraren jaietan oso ezaguna, Diario Vasco eta hainbat hedabidetan argazkilari aritutakoa –adibidez, Donostiako alkate ohi Odon Elorzari 2000. urtean Arte de Vivir aldizkarian egindako "Odon Elorza, un alcalde peculiar" elkarrizketako argazkien egilea izan zen–, eta 1990eko hamarkadan Donostian ‘modelo guztien argazkilari’ gisa deitua. Bada, 30 urteko jardun profesionalaren ostean, 2013ko urtarrilean Cabezudoren aurkako auzi judiziala abiatu zuen emakume batek. Egun, ondorengo delituak leporatzen dizkiote:  iruzurra, sekretuak ezagutzera ematea, irainak, mehatxuak, sexu gehiegikeriak, umeen pornografia sortu eta hedatzea, adingabeak galbideratzea eta bortxaketa. Honezkero 16 emakume daude salaketaren atzean, baina zalantzarik ez da kasu gehiago agertuko direla.

Kote Cabezudo, La Sexta telebista kate espainiarrak zabaldutako irudi batean.

Bost urte hauetan kalean libre izan da Cabezudo. Maiatzaren 4an agindu zuen Julian Garcia Marcos epaileak behin-behineko espetxeratzea, berak berriki kasuaren ardura hartu ostean. Izan ere, aurreko bost urteetan biktimek 10 aldiz eskatu zuten argazkilaria espetxean sar zezaten, baina eskaera guztiak atzera bota zituen Ana Isabel Pérez Asenjo epaileak, argazkiak, bideoak eta hainbat biktimaren kontakizunak aurrean izanik ere. Orain Asenjo epailea auzitik kanpo utzi du EAEko Epaitegi Nagusiak, tramitera onartu baitu biktimen abokatuak Asenjoren kontra jarritako salaketa. Salaketa horretan leporatzen zioten emakumeei egindako sexu erasoen irudiak Internetetik kentzeko ezer egin ez izana. Biktimek eta abokatuek sarri salatu dutenez, “14 euroren truke edozeinek eros eta ikus zitzakeen Kote Cabezudok umeei egindako zenbait eraso eta bortxaketa”.

Justiziaren inoperanzia ez da kasu honek duen alderik ilunena. Hainbat biktimek Donostian pertsona ezagun eta boteretsuek –politikari eta enpresariak tarteko– eratutako pederastia-sare bat salatu badute ere, orain gutxira arte kasua oharkabean pasa da komunikabideetan zein kalean. Cabezudoren biktimen sostengurako kide batek salatu duenez, “beldur handia izan da orain arte kalera atera eta egia kontatzeko, Cabezudoren atzean boteredun asko daudelako”. Matxismoak gizartearen egitura guztiak estaltzen dituela salatu dute feministek sarri. Kasu honetan egia azaleratzen hasi besterik ez da egin.